INFO

Arbonan okupatutako lurretan bildu diren 125 traktoreek ekintza fase berri bat irudikatu dute

Arbonako lurren saltzaileak zein erosleak laborarien eskakizunen aurrean duten jarrera salatzeko 125 traktore bildu dira okupatutako lurretan eta aurrerantzean ekintzak gogortuko dituztela iragarri dute. Astearte arratsalde honetan Biarrizko  aireportu ingurua blokeatu dute.

125 traktore bildu dira ekainaren 23tik laborariek okupatuak dituzten Arbonako lurretan. Guillaume FAUVEAU

Suitzan bizi den Arbonako lurren saltzaileak eta Parisen bizi den erosle aristokratak laborariekin biltzea saihestu eta «denbora irabazi» nahi dutela salatu dute ELB eta Lurzaindiak. Honela, ekainaren 23an nekazariek okupatu zituzten lurretan 125 traktore bildu dira ekintzak gogortuko dituztela iragartzeko.

Arratsaldean Biarrizko aireportu inguruan itzuli bat egin dute eta Arbona, Bidarte eta Angelura doazen bideak kolapsatu dituzte. Itzulia egin ostean, Arbonara itzuli dira eta datozen egunetan ekintza gehiago izango direla jakin arazi dute. Hurrengo hitzordua uztailaren 15ean ezarri dute, arratsaldeko 19:00 etan Arbonako lursail okupatuan.

Indar erakusketa Arbonan

Goizean, Dominique Amestoy eta Maryse Cachenaut laborariek hartu dute hitza jendaurrean, Isabelle Capdeville Lurzaindiako kidarekin batera. Lurrak zergatik okupatu zituzten oroitarazi dute eta lurren jabearekin zein eroslearekin zuzenean harremanetan jartzeko egin dituzten saiakeren berri eman dute.



Laborantza lurrak eta bi eraikin zaku berean sartuta saltzeak Safer erakunde publikoari esku hartzea galarazten dio eta, ondorioz, nekazaritzako lurrekin, Safer erakundeak egin ohi duen moduan, ezin ditu lurrak babestu eta ezin ditu dagozkien prezioak ezartzeko deus egin. Horregatik, laborariek eraikinak eta lurrak bananduta saltzea eskatzen diote, lurren salmentan erakunde publikoak esku har dezan eta lurrak laborantzarako salduko direla berma dadin.

Ordea, Suitzan bizi den Arbonako lurren jabeak zein Parisen bizi den Diane de l’Espée andereak ez dute biltzeko asmorik erakutsi eta ez da kontaktu zuzenik izan. Laborariek gaitzetsi dutenez, uztailaren 20an amaitzen da salmentan eragiteko epea eta «denbora irabazi nahian ari dira». Gainera, aristokraziako kide den eroslea «zailtasunetan diren pertsonekin» kontaktuan jarri da lurra landu dezaten. «Trikimailu bat da, eta gainera, guk lurrak baldintza duinetan lantzeko instalatu nahi dugu», zehaztu dute laborariek.

Prentsa ohar baten bitartez honakoa jakinarazi dute. «ELB eta Lurzaindiak azpimarratzen dute 3,15 milioiko ondasun hau saltzea ez dela onargarria, prezioa espekulatiboa delako eta eroslea erretretan baita, eta ez da Euskal Herrian bizi. Diane de l’Espée andereak ez du legitimitaterik tratu hau bururatzeko».

Egoera honen aurrean, zera jakin arazi dute nekazariek, «ikusiz okupazioaren 20. egunean saltzaile eta erosleen aldetik ez dela negoziaketa baikorrik irekitzen, mobilizazioa bertze fase batean sartzen da».

«Memento latza»

Arbonan okupatutako lurretan jende andana bildu da eta parte hartzaile bakoitzak letra handi bat esku artean zuela honako bi leloak osatu dituzte traktoreen aitzinean ezarrita, euskaraz eta frantsesez; «hazten gaituen lurra zain dezagun» eta «stop a l’acaparement de la terre nourriciere».

«Memento latza da, indar joko batean gira eta ezin dugu bakarrik egin ahal», nabarmendu du jaso duten babesa eskertu duen Dominique Amestoy laborariak. «Memento latza da, bortizkeria baten aitzinean gira, diruz armaturik heldu dira eta gure kontra bortizki ari dira, gu bakean gira, bake bdiean gira eta haiek ezinegona sortzen dute», azpimarratu du.

Azken egunetan egin dituzten ekintzekin batera, hautetsiekin ere bilkurak izan dituztela eman dute aditzera laborariek. Hain zuzen ere, Jean-René Etchegaray lehendakariak bitartekari lanak egiteko bere burua aurkeztu zuen. Hots, hautetsiekin biltzearen garrantzia azpimarratu dute auzia mahai gainean jartzeko «denak batera joatea beharrezkoa baita».

Horrez gain, hautetsiekin batera lege berri bat osatzeko beharra ere azaleratu dute:  «Helburua ez da soilik lur hau ez galtzea, geroari begira lege bat behar dugu lurra zaintzen lagunduko diguna».

Ekintza ugari

Arbonako lurrak hartu zituztenetik hainbat ekintza burutu dituzte laborariek. Hautetsi eta eragileekin bildu dira, hainbat bilkura ireki eta animazio egin dituzte eta nekazal lurren zein etxebizitzaren arazoa ikustaraztea lortu dute. Azken egunetan, esaterako, egin dituzten ekintzen artean nabarmentzekoa da arbonako lurretan eraiki duten baratzea.

Ordea, aurrera begira ekintzak gogortuko dituzte, fase berri bati ekingo diote eta guzti hori zehazteko hitzordu berria uztailaren 15ean ezarri dute. Amestoyren hitzetan, «asteazkenean abokatuekin bilduko gara zer egin daitekeen aztertzeko, baina biharamunean borrokak jarraituko du eta berriz izango dugu hitzordua arratsaldeko zazpietan, urrats hauekin, Euskal Herriko lurralde antolaketa dugu defendatzen».