INFO

Ipar Euskal Herriko 29 herriko etxe batu dira ‘Tokiko Xarta’ sinatu eta euskara sustatzeko

Hizkuntza gutxituen Europako Itunaren baitan dagoen ‘Tokiko Xarta’ sinatu eta haien herrietan euskara sustatzeko 33 konpromiso zehatz hartu dituzte Ipar Euskal Herriko 29 herriko etxek. Helburu horiek gauzatzeko eta egitasmora herriko etxe gehiago batzeko bide orria aurkeztu dute.

‘Tokiko Xarta’ sinatu duten herriko etxeetako ordezkariek Itsasun egin dute agerraldi bateratua. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Konfederazioak bultzatutako ‘Tokiko Xarta’ sinatu duten 29 herriko etxeetako ordezkariek agerraldia egin dute Itsasun Europako Itunaren baitan kokatzen den egitasmoa zertan den azaldu eta aurrera begira emango diren urratsen berri emateko.

Errealitate desberdinak bizi dituzten zenbait herriko etxeetako ordezkariek haien lekukotasuna eman dute batuta lan egitearen garrantzia azpimarratu eta norabide berean lan egitearen indarra goresteko.

Urtarriletik 52 herriko etxerekin bildu dira Euskal Konfederazioko kideak ‘Tokiko Xarta’ aurkezteko, haietatik 29 udalerrik egitasmoarekin bat egin dute eta eman beharreko urratsak ematen laguntzeko sinatzaileei zuzendutako hiru «bilkura tekniko» egin dituzte. Horrez gain, badira oraindik ituna sinatu ez duten arren, tramiteetan ari diren beste zenbait herriko etxe.

Itsasu aitzindari

Euskara sustatzeko asmoa duten Ipar Euskel Herriko herrientzako «tresna amankomun bat» dela azpimarratu dute herri desberdinetako ordezkariek: «Egoerak desberdinak izanik ere gaur bilduak gira gauza bat baitugu amankomunean: euskararen garapenean urrats berriak emateko gogoa, tresna amankomun batekin, desmartxa amankomun batean», argitu du Pettan Aycaguer hautetsi Donapaleutarrak.

Itsasuko herria izan zen ‘Euskararen aldeko Tokiko Xarta’ sinatu eta, protokoloa jarraituz, Europako itunak eskaintzen dituen 49 aukeren artean 35 konpromiso hartu zituen Ipar Euskal Herriko lehen udalerria. Ordea, bide bera beste herriko etxe batzuekin batera egiteak parte hartzaileen indarra biderkatuko zuelakoan herri gehiago batzeko bideari ekin zioten Euskal Konfederazioarekin elkarlanean.

Gaur egun 29 herri dira ‘Tokiko Xarta’ sinatu dutenak eta Euskal Konfederazioko bozeramailea den Sebastien Castetek aditzera eman duenez, «abenduaren 3rako sinatzaile kopurua 40 ingurura igo daitekeela estimatzen dugu». Izan ere, badira ‘Tokiko Xarta’ sinatu eta dagozkien konpromisoak hartzeko prest diren herriko etxeak, baina oraindik ez dute astirik izan kontseiluko adostasun osoarekin beharrezko txosten ofizialak osatzeko.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, ‘Tokiko Xarta’ sinatu duten herriko etxeen artean hiru profil desberdin bereizi daitezke. Lehendik euskara sustatzeko tresna ofizialekin lanean ari ziren herriko etxeak, bitarteko ofizialik izan gabe ere euskara sustatzeko ekimen puntualak egiten zituzten herriko etxeak, eta azkenik, euskara sustatzeko ezer gutxi egiten zuten herriko etxeak.

Euskal Konfederazioko kideen aburuz, lehen profila osatzen duten multzoko herriei «Europa mailako ezagupena emanen die Xartak». Bigarrenei ostera, «egunerokotasunean egiten dutenaren lehen ofizializatzea ekarriko die Xartak». Eta, «orain arte euskararen alde gutti egiten zuten» hirugarren multzoko herriei, «herri mailako hizkuntza politika abiatzeko parada eskaintzen die Xartak».

Hurrengo urratsak

Ongi finkatuak dituzte herriko etxeek datozen hilabeteetan eman beharreko urratsak. Jada herri bakoitzak hartuko dituen konpromisoak zehaztuta eta txostenak osatuta, Europako Kontseiluari igorriko dizkiete datozen asteetan, «ontzat eman ditzan».

Irailean, Europako Kontseiluaren oniritzia jaso ostean, herriko etxeek kontseiluetan onartuko dituzte bozka bidez. Eta azkenik, abenduaren 3an, hots, Euskararen Nazioarteko Egunean, ‘Tokiko Xarten’ izenpetze ofizialak egingo dira, Europako Kontseiluko bi ordezkariren presentziarekin.

Kontuan izan behar da pasa den urtarriletik Ipar Euskal Herriko zazpi eskualde desberdinetako 52 herritan aurkeztu duela Euskal Konfederazioak ‘Tokiko Xarta’ eta oraindik sinatzeko asmotan diren zenbait herriko etxeekin lanean jarraitzen dutela. Horregatik, Itsasun egin duten agerraldia baliatu dute, «gainerako herriei deialdia luzatzeko, Xarta izenpe dezaten».

Ipar Euskal Herria 158 udalerrik osatzen dutenez, udalerrien %33arekin bildu dira Euskal Konfederazioko kideak, eta jada Tokiko Xarta sinatu duten herriek Ipar Euskal Herriko % 18,3 ordezkatzen dute, baina kopuru horiek handitzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute, bai herriko etxeetako ordezkariek zein Euskal Konfederazioak, izan ere guztiek azpimarratu dute «desmartxan manera bateratuan sartu izanaren garrantzia eta eramana izan den elkarlana».

Lekukotasunak

Herriko etxe desberdinetako ordezkariek haien esperientzien berri eman dute eta Tokiko Xarta sinatzera bultzatu dituen arrazoiak azaldu dituzte. «Neurriak planifikatu, lehentasunak finkatu eta euskara beste maila batera eramateko lagungarria da Europako Xarta, zeren aitorpena emango dio egiten den lanari», hausnartu du Odile Falxak, Ortzaizeko hautetsiak.

Azken hauteskundeen ostean herriko etxean sartu zirenetik , besteen artean, herriko etxeko langileak formatu, helbideratzeak euskaraz egin eta euskara sustatzeko talde bat sortu zuten. «Gauza ttipiak dira, baina badakigu ondorio handi bat ekartzen dutela», nabarmendu Falxak.

Donapaleun ere, «eskualde euskalduna izan arren, ez zen deus» alderdi abertzaleko hautetsiak herriko etxera iritsi arte. «Orrialde zuri bat dugu» azpimarratu du lan egiteko gogoz direla nabarmendu duen Pettan Aycaguer hautsiak.

Horrela, egin dituztenak, egiten ari direnak egiteko dituztenak ekarri ditu gogora Aycaguerek eta «hirugarren profiletik lehen profilera pasatzeko» urratsak ematen ari direla adierazi du. Bere esanetan, «Itsasuk piztu gaitu eta guk su hori azkartuko dugu Amikuze aldean».

«Duela zenbait urte Urruña euskalduna zen, baina orain ez da horrela, kanpoko jende asko etorri baita», gogoetatu du Pruden Sudupe hautetsiak, eta aditzera eman duenez, lehen aldiz abertzaleak herriko etxera heldu zirenetik, «urte bat zuloak tapatzen egin dugu, alegia egiten ez zena egiten, adbidez, afixen %99a frantses hutsean zen, eta halako hainbat adibide».

Aitzitik, Urruñako hautetsiak argitu duenez, «publiko zabalean ez dugu kontrako jarrerarik topatu, hori garrantzitsua da».

Euskara sustatzen legegintzaldi bat baino gehiago daraman Uztaritzeko herriko etxearen kasuan, ostera, «orain arteko bilan baikorra» egiten dute, baina Nikolas Blain hautetsiaren hitzetan, «orain arte hainbat urarts egin dira, baina urrunago joateko asmoa dugu, esaterako, iniziatiba berriak ditugu  euskarari ikusgarritasun handiagoa emateko».

Zentzu horretan, Tokiko Xarta tresna egokia da Balinen aburuz, zeren «orain artekoa baloratzeko koadro bat eskaintzen du eta dinamika kolektibo baten parte hartzeko aukera ematen du».