INFO

100.000 covid kasu zenbatu ditu Osasunaren Munduko Erakundeak Europako kartzeletan

Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2020ko maiatzetik 100.000 covid kasutik gora izan dira Europako espetxeetan. Antolakunde honek kartzeletan osasuna zaintzeko material berri batzuk prestatu ditu, besteak beste txertoak jasotzeko orduan ekitatea bermatzeko.

Ibon Fernandez Iradi izan da covid-19a hartu duen presoetako bat. Bere aldeko elkarretaratzea egin zuten Lasarte-Orian, joan den urrian. (Jon Urbe/FOKU)

Pandemiak presondegietan osasun arretarako eskubidea segurtatzea zein garrantzitsua den frogatu du. Jendea aireztatu gabeko espazioetan pilatua edukitzea higienearen kontrakoa izan daiteke. Gainera, ingurune horrek estresa sortzen badu eta, kasu batzuetan, ez badago ongi jateko aukerarik, covida eritasun are arriskutsuago bihurtzen da, OME Osasunaren Munduko Erakundeak ohartarazi duenez. Nabarmendu duenez, gutxienez 100.000 preso kutsatu dira covidaz Europako kartzeletan izurritea hasi zenetik.

Salatu duenez, espetxe ugaritan izan dute babeserako eta diagnostikorako bitarteko falta, baita infekzioari aurre hartzeko produkturik oinarrizkoena ere, ura eta xaboia kasu. Txertoak eskuragarri zeudenean ere kartzela aunitzek ez zuten ekipo egokirik preso guztiak txertatzeko.

Funtzionarioen mugimenduek eta presoen lekualdatzeek ere birusa sartzeko eta barruan azkar zabaltzeko arriskua handitu zuten, erantsi du OMEk.

Herritar guztiak zaintzeko betebeharra

Europako Batasuneko estatu kideek «herritar guztiak, beren egoera legala gorabehera» babesteko betebeharra dutela oroitarazi du erakundeak. «Kanpoko komunitatearekin alderatuta, presondegietan bizi diren pertsonek gaixotasunen karga handiagoa dute, bai transmititzen direnena eta bai transmititzen ez direnena. Covid-19a hartzeko arrisku handiagoa izateaz gain, zama horrek ahulago egiten ditu osasun ondorio larriak sufritzeko, heriotza barne», azaldu du Carina Ferreira-Borges OMEko medikuak.