INFO

Zortzi aurpegi berri Alavesen denboraldi-aurrearen hasieran

Talde gasteiztarreko jokalariek proga medikoak eta fisikoak egin dituzte entrenatzen hasi aurretik. Bestalde, Eibarrek Elba Verges fitxatu du eta Realak Mirari Uria golegilea igo du lehen taldera.

Jokalari gasteiztarrak Mendizorrotzan bildu dira. (Deportivo Alavés)

Hilabete eta erdi falta da oraindik liga txapelketa hasteko baina emakumezkoen futbolaren gaurkotasuna pil-pilean dago. Batez ere, merkatuaren mugimendu ugariekin orain arte eta, hemendik aurrera, aurredenboraldiaren hasierarekin. Alaves dago fitxaketen kontuarekin ondoen eta gehien mugitu diren taldeen artean eta goiztiarrena izan da denboraldi aurrea hasteari dagokionez. Astelehen honetan bertan eman dio hasiera denboraldi historiko honi, udako lanari ekinez.

Mikel Cresporen jokalariak lehen aldiz bildu dira Mendizorrotzan, ezinbesteko PCR probak eta proba medikoak eta fisikoak egiteko, entrenamenduekin hasi aurretik. Elkar ezagutzeko ere erabili beharko dituzte aste hauek babazorroek, berritasun dezente baitago taldean.

Zortzi dira guztira Alavesek orain arte egin dituen fitxaketak: Jana Xin atezaina, Osinachi Ohale eta Sonia Manjarín (Atletico Madrilek utzita) atzelariak, Garazi Facila eta Carla Armengol hegalariak –Bartzelonatik etorritako jokalariak aurrean eta zelaierdian ere jokatu dezake–, Nerea Nevado erdilaria (Athleticek utzita) eta Abdulai Mukarama eta Sara Carrillo aurrelariak. Utzitako futbolari biek denboraldi amaierara arte jantziko dute kamiseta zuri-urdina eta gainontzeko seiek bi urtetako kontratua sinatu dute.

Eibarren hirugarren fitxaketa

Eibarrek, bere aldetik, bere hirugarren fitxaketaren berri eman du astelehen honetan. Lehen fitxaketa zentzu hertsian, aurreko biak (Amaia Peña eta Alejandra Bernabe) utzita heldu baitira. Elba Vergesek, berriz, urtebeteko kontratua sinatu du, azken hiru denboraldiak jaitsi berri den Espanyolen eman ondoren. Aurretik, 25 urteko futbolariak Bartzelonako harrobian, Levante Las Planasen, Espanyolen eta Soyauxen jokatu zuen.

Vergesen fitxaketarekin, Eibarrek gabezi bikoitzari aurre egiten dio, Esti Aizpuruak, Napok eta Jujubak alde eginda hiru zentral eta esperientzia galdu baititu.

Mirari Uria, lehen taldera

Esperientziaren faltan, kalitatea eta gaitasun golegilea emango dio Mirari Uriak Realari. Bigarren taldearekin azken denboraldian 18 gol sartu dituen erasotzaile azpeitiarra lehen taldearen dinamikan sartuko da hemendik aurrera.

18 urteko jokalariarena, Realak egin duen laugarren «fitxaketa» da, Claire Pleuler, Manuela Vanegas eta Iris Arnaizen etorreren ondoren.