INFO

Simon Biles, emoji propioa duen lehen emakume kirolaria

Ahuntz baten emojiak, soinean maillot gorria eta lepotik zintzilik domina bat daramatzala, Simon Biles gimnasta estatubatuarra irudikatuko du Twitterren. Emoji propioa duen lehen emakume kirolaria da Biles.

Simon Biles gimnasta estatubatuarra. (Loic VENANCE/AFP)

Emakume kirolari bati eskainitako lehen emoji honekin, Twitterrek omenaldia egin nahi izan dio Simon Bilesi, «bere ondareari, lorpenei» eta sare sozialaz egiten duen erabilpenari, gimnasta oso aktiboa baita plataforma horretan.

Ahuntzaren irudiak, ingelesez goat, GOAT akronimoari egiten dio erreferentzia (‘Greatest Of All Time’, historiako onena), eta sareetan Usain Bolt edo Roger Fededer bezalako kirolari handiak aipatzeko ere erabili izan da.

Gaurtik aurrera, Twitterren #Simone edo #SimoneBiles etiketa idaztean, bere ondoan automatikoki ‘spagat’ bat egiten duen ahuntz bat agertzen da, gimnastak sarri erabiltzen duen ekipazio gorriarekin eta lepotik zintzilik urrezko domina batekin.

Bilesek urrezko lau domina eta brontzezko bat irabazi zituen 2016ko Rioko Jokoetan, eta munduko 25 domina eskuratu zituen, horietatik 19 urrezkoak.

Inoiz ahuntz bat eraman izan du lehiaketetan erabiltzen duen elastikoan.

Twitterrek orain arte emoji propio bat eman dien kirolariak, Pat Mahomes edo Tom Brady amerikar futboleko jokalariak kasu, denak gizonak ziren.

Simone Biles Tokioko Jokoetan lehiatzen hasiko da datorren igandean, taldekako sailkapen kanporaketan.

Ameriketako Estatu Batuetako ordezkaritzak asteazken honetan iragarri duenez, Bilesek eta bere kideek ez dute Hiri Olinpikoan hartuko ostatu, hotel batean baizik, covid-19aren aurrean prebentzio-neurri gisa.