INFO

Langabezia tasa %10,3ra jaitsi da EAEn bigarren hiruhilekoan

Eustaten datuen arabera, lan merkatuari buruzko 2021eko bigarren hiruhilekoko datuek adierazten dute EAEn 108.600 langabetu daudela, aurreko hiruhilekoan baino 7.100 gutxiago. Bestalde, landunen kopurua 944.300ekoa da, hau da, 15.100 gehiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (+%1,6).

Hainbat pertsona Lanbideren bulegoetan sartzeko zain. (Raul BOGAJO/FOKU)

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak aurtengo bigarren hiruhilekoko Biztanleria Jardueraren arabera sailkatzeko Inkestaren (BJA) datuak ezagutarazi ditu. Inkesta horretan, langabeziak behera egin du eta okupazioak gora egin du 15.000 pertsonatik gora aurreko hiru hilabeteekin alderatuta.

Zehazki, langabezia tasa %10,3ra jaitsi da 2021ko bigarren hiruhilekoan, lehen hiru hilabeteetan baino 0,8 puntu gutxiago, eta langabeen kopurua 7.100 pertsonatan jaitsi da, 108.600 pertsonatan geratuz.

Gizonezko langabeak, 55.600, 3.700 gutxiago dira (-%6,2), eta emakumezko langabeak, berriz, 3.400 gutxiago (-%6). Gizonezkoen langabezia tasa %10,1ekoa da (-0,8 puntu) eta emakumezkoena %10,5ekoa (0,8).

Langabezia tasaren jaitsierarik handiena bigarren mailako eta erdi mailako ikasketak dituztenen artean gertatu da (-0,9 puntu portzentual), eta nazionalitateari dagokionez, espainiar Estatuko nazionalitatea duten langabeen kopurua 4.200 pertsonatan jaitsi da, 81.000 pertsonatan. Beste estatuetako jendearen artean 2.800 dira, 27.700 arte.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian 3.100 pertsona gutxiago daude langabezian, eta jaitsiera ehuneko 0,7 puntukoa izan da eta %11,4an kokatu da. Gipuzkoan 28.300 pertsona daude lanik gabe, 3.000 gutxiago, eta langabezia tasa ehuneko puntu bat jaitsi da eta %8,2an kokatu da. Araban 1.000 pertsona gutxiago daude lanik gabe, langabezia tasa %11,1ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,7 gutxiago.

Eurostaten arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2021eko maiatzean, urtaro eraginik gabeko langabezia tasa Europar Batasunean, bere osotasunean, %7,3koa zen eta espainiar Estatukoa %15,3koa.

Okupazioa jarduera sektore guztietan hazi da

Euskal AEko biztanleria landunak gora egin du zerbitzuen sektorean (9.300 landun gehiago), industrian (4.400 gehiago), lehen sektorean, (1.300 gehiago) eta eraikuntzan, kasu honetan 300 landun gehiago daude.

Okupazio tasa, 16-64 urteko landunen ehunekoa adin horietako guztizkoarekiko kalkulatuta, ehuneko puntu bat igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta eta %67,7an kokatu da. Tasa hori %70,5era iristen da gizonen kasuan, eta emakumeen, kasuan, berriz, %64,9koa da.

Pertsona aktiborik ez duten familia-etxeak

Eustaten arabera, 2021eko bigarren hiruhilekoan 901.800 familia-etxe inguru daudela Euskal AEn, eta haietatik heren batek ez duela pertsona aktiborik; hamar familia-etxetatik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean ari dira, aurreko hiruhilekoan baino 4.000 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familia-etxeak 35.900 dira, aurreko hiruhilekoan baino 900 familia-etxe gehiago. Pertsona aktiborik ez duten familia-etxeak 2.300 gutxiago dira.