Lan asko eginda lortu dute Peñak eta Rezustak Masterseko bigarren garaipena (20-22)
Laudiokoa partida oso borrokatua izan da, markagailu parekatukoa, eta azkenean gorrien bi akatsek eman diete garaipena urdinei. Iñigo Bikuñak maila ederrean ordezkatu du Zabaleta, baina ez da nahikoa izan. Gatikako neurketan, Erik Jakak ezin izan du garaipen batekin itzuli kantxetara.
Peña II.ak eta Rezustak Caixabank Masterseko bigarren garaipena eskuratu dute Laudioko Areta pilotalekuan Olaizola II.a eta Bikuña 20-22 menderatu ondoren. Partida oso borrokatua izan da, markagailu oso parekatukoa, eta azkenean gorrien akatsek urdinen alde eraman dutena.
Neurketaren berrikuntza nagusia Iñigo Bikuñaren partaidetza izan da. Eskua minduta duen Jose Javier Zabaletaren ordez jokatu du atzelari donostiarrak eta ez zen norgehiagoka erraza beretzat, aurrean Beñat Rezusta bezalako jotzaile bat zuelako.
Pentsatzekoa zen Bikuñari sufritzea tokatuko zitzaiola, eta horregatik urdinak faborito nahiko argiak ziren hasieran, baina donostiarrak neurketa bikaina jokatu du eta bikain eutsi dio erronkari atzeko koadroetan. Pena bakarra eraman beharreko hiru sake eraman gabe utzi izana.
Atzelarien artean indarrak parekatuta zeudenez, protagonismoa aurrera igaro da, eta aurreko koadroetan Aimar Olaizola Jon Ander Peña baino sendoago aritu da. Tolosako aurrelari gaztea asko sartu da jokoan, ohi duen moduan, baina gaur ez du bere egunik onena izan eta huts gehiegi egin ditu. Zortea ere ez du lagun izan neurketaren lehen erdian, bizpahiru erremate txapara joan zaizkiolako, eta horrek konfiantza gutxirekin jokatzera eraman du tolosarra.
Aimar Olaizola, aldiz, oso fin aritu da. Kontuan izan behar da goizuetarra bezperan Itziarren jokatuta zegoela –irabazi egin zuen 22-20 Imazekin Ezkurdia eta Martijaren kontra–, eta hala ere oso fresko ibili da errematean, tantoa erraz bukatuz.
Osagai horiekin guztiekin, markagailua oso parekatuta joan da ia uneoro. Urdinek lehen abantaila aipagarria 7-11koan hartu dute, baina gorrien erantzuna azkar iritsi da eta zazpi tanto jarraian eginez 14-11 eman diote buelta egoerari. Hortik aurrera, tanto bakarreko aldeak 20-18kora arte.
Hain zuzen ere, 20-18koa aipatzen dugu, Olaizolak ongi zabaldutako pilota batekin egina, gorrien azkena izan delako. Ematen zuen zailena egina zutela, baina orduan Beñat Rezusta agertu da eta bergararraren bi tantorekin –lehena ikusgarria atzetik ezkerrez pilota zabalera irekiz– neurketa 20-20 berdinduta utzi du.
Eta berdinketa hori apurtzeko gorrien azken uneko bi akatsak iritsi dira. Lehenik Olaizolak eta Bikuñak ez dute elkar ongi ulertu eta ondoren Bikuña bera izan da pilota erraz bat galdu duena. Peña eta Rezustak hasiera onda eman diote Mastersari, bitik bi irabazita, eta Olaizola II.ak eta Zabaletak sailkapenean punturik gabe jarraitu beharko dute.
Amaierako adierazpenak gertatutakoaren adierazgarriak izan dira. Olaizola eta Bikuña pozik agertu dira, galdu arren neurketa ona jokatu dutelako, eta Peña aldiz ez zegoen gustora, irabazi arren ez duelako ongi jokatu. Bi helburuak lortu dituen bakarra Rezusta izan da.
«Pozik nago. Pilota eskutik ongi irtetzen zait. Partida gogorra izan da, aurrekoa bezalaxe, eta erakutsi dugu lanerako prest gaudela. Jon Anderrek ez du agian bere egunik onena izan, baina horixe esaten nion, lanean jarraitzeko, eta halaxe egin dugu», adierazi du Bergarako atzelariak.
Pilotakadak: 688. Partidaren iraupena: 72 minutu eta 49 segundo.
Markagailua: 1-0, 1-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-6, 7-6, 7-11, 14-11, 14-13, 15-13, 15-16, 16-16, 16-17, 18-17, 18-18, 20-18 eta 20-22. Sakez: 3 Peña II.ak. Jokoan eginak: 8 Olaizola II.ak, 1 Bikuñak, 10 Peña II.ak eta 5 Rezustak. Galdutakoak: 1 Olaizola II.ak, 2 Bikuñak, 8 Peña II.ak eta 2 Rezustak. Gertaerak: Laudioko Areta pilotalekua. Lehen sakea, urdin.
Jakak ezin izan du garaipenarekin berragertu
Bi hilabete eta erdi zuriz jantzi gabe egon ondoren, Erik Jaka gaur itzuli da pilotalekuetara. Lizartzako aurrelariak ezin izan du garaipen batekin ospatu itzulera, Urrutikoetxea eta Martijaren kontra 22-17 galdu baitu Gatikan jokatu den Masterseko neurketa.
Laudiokoa bezalaxe, Gatikakoa ere partida borrokatua izan da, markagailu estukoa, nahiz eta azken emaitzak beste zerbait pentsarazi dezakeen. Une askotan gorriak aurretik ibili arren (9-5 eta 14-12, esaterako), urdinek ere izan dute agintea markagailuan (10-12an adibidez), eta batez ere berdinketak izan dira partidaren ezaugarri nagusia: 10-10, 16-16 eta 17-17.
Baina 17-17ko horretatik zuzenean joan dira gorriak 22ra, azken bost tantoak jarraian eginda. Urrutikoetxea eta Martijarentzat lehen puntua da lehiaketan eta sailkapenean gaurko galtzaileekin berdinduta geldituko dira orain. Aipagarria Julen Martijaren lana, bera ere bezperan Itziarren jokatuta zegoelako.