INFO

Urrezko domina egun berean irabazita, Abe anai-arrebak ikur bilakatu dira

Lehen aldia da bakarkako kirol batean lehiatzen diren anai-arrebek urrezko domina egun berean kolkoratzen dutela. Uta Abe, arreba gazteena izan zen lehenengoa lortzen, judoko 52 kg azpiko proban; ondoren, bere neba zaharra gailendu zen 66 kg azpikoan. Historia bizia dira.   

Hifumi Abe (ezkerrean) eta Uta Abe (eskuinean) urrezko dominekin. (IFJ)

Inoiz, sekula, orain arte jokatu diren Olinpiar Jokoetan pasa gabeko marka ezarri dute Hifumi eta Uta Abe anai-arrebek. Egun berean, bakarkako kirol batean lehiatuz, urrezko domina bana kolkoratu dute, biak ala biak, judoan. Eta gainera, etxean egin dute, Japonian, Tokion. 

Uta Abe, 21 urte bete berritan, izan zen metal preziatua irabazten lehena. 2017. eta 2018. urteko Munduko txapelketetak irabazi zituen japoniar gazteak Amandine Buchard frantziarra hartu zuen mendean. Ondoren, bere neba zaharraren txanda izan zen eta honek, 66 kg azpiko proban –honek ere bi aldiz irabazi du Munduko txapelketa– Vazha Margvelashvili georgiarrari gailendu zitzaion. 

Ordu bakarra igaro zen final batetik bestera, eta arreba gazteenak bertatik-bertara ikusi zuen bere nebaren garaipena. Ordu bakarra igaro zen historia egin duten bi garaipenen artean. Utak urte hasieran iragarri zuen egun honetan adi egoteko, begiz jota zuen Tokioko hitzordu olinpikoa:  «Uztailaren 25a izango da nire nebak eta nik distira egingo dugun eguna». 

Uta Abek bere neba Hifumiren garaipena gertutik ospatu zuen. (IJF)

Urte berriarekin batera jarri zuten helburu moduan «batera txapeldun olinpikoak izatea». Pasa den abendutik hasi ziren planteatzen Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazteko aukeraz, izan ere, Hifumi Japoniako selekzioak hautatzen zuen azken judo jokalaria izan baitzen. «Orain bai esan dezaket nire arrebarekin batera Olinpiar Jokoetan urrezko dominagatik borrokatuko dudala. Neba nagusi moduan, ezin dut galdu», adierazi zuen hautatua izan zela jakin bezain pronto. 

Biak ala biak irabazi dute bi aldiz Munduko txapelketa eta orduan ere, Hifumik aditzera eman zuen garaipena bere horretan baino garrantzitsuago izan zela «anai-arreba moduan irabaztea». 

«Ez nintzateke nagoen lekuan egongo nire nebarengatik izango ez balitz», adierazi zuen, bestalde, Utak eta azpimarratu zuen «anaiarengatik ez balitz ezinezkoa zatekeela jakitea» judoan arituko zen edo ez. 

Uta Aberen poza, Amandine Buchard frantziarra garaitu berritan. (Franck FIFE / AFP)

Oso gazte judoan, oso gazte podiumean

Bost urte zituela hasi zen judoan Uta Abe eta «lehen egunetik» kirolarekin «maitemindu» zela onartu izan du behin baino gehiagotan. 15 urterekin, Dusseldorf-eko Sari Nagusia irabazi zuen eta Judoko Nazioarteko Federakuntzako zirkuituko mundialeko ekitaldi bat irabazten zuen judoka gazteena bilakatu zen. 

Hifumi Abe, bere arreba baino hiru urte zaharragoa dena, sei urterekin hasi zen judoan, telebistan txapelketa bat ikusi eta honek harrapatuta utzi zuenean. 17 urterekin irabazi zuen Tokioko Grand Slam-a, horrelako txapelketa nagusi bat irabazten zuen judoka gazteena izanik. Horren ostean, beste zortzi Grand Slam eta bi Munduko Txapelketa bereganatu ditu. 

Hifumi Abe, Olinpiar Jokoetako garaipena ospatzen. (Franck FIFE / AFP)

2017an lehen aldiz, bi anai-arrebak Munduko txapelketako podiumera igo ziren, urrezko domina irabazita. Horren ostean, elkarrekin batera zapaldu zuten 2018ko Munduko txapelketako podiumeko lehen postua eta baita Dusseldorfeko Grand Slamekoa ere –hau, iaz–. 

Anai-arreba hauek elkarrekin eta elkar lagunduta ari dira judoko historia bizia idazten. Eta oraindik ez dira iritsi 25 urtera –Utak 21 urte ditu eta Hifumik, 24–. Olinpiar Jokoen historian kapitulu ederra idatzi zuten 2021eko uztailaren 25ean.