INFO

Zapore gazi-gozoa utzi dio Ander Elosegiri bere laugarren diplomak

Zortzigarren amaitu du Ander Elosegi piraguistak C1eko finala eslalom modalitatean. Olinpiar Jokoetan lortzen duen laugarren diploma du palista irundarrak, lorpen benetan miresgarria, baina Tokion domina irabazteko aukera oso on bati ihes egiten utzi izanaren sentsazioarekin amaitu du.

Ander Elosegik ezin izan zuen lan ona borobildu. (Luis ACOSTA / AFP)

Ander Elosegi irundarrak zortzigarren postuan amaitu zuen atzo C1eko finala Tokioko Olinpiar Jokoetan. Gipuzkoarrak lortzen duen laugarren diploma da, parte hartu duen lau Jokoetan zortzi onenen artean sartu baita: laugarren izan zen Pekinen 2008 eta Londresen 2012an, eta zortzigarren Rion 2016an eta Tokion aurten. Lorpen ikaragarria da, oso kirolari gutxik lortu dutena Jokoen historian, baina hala ere Anderrek ez zuen erabat pozik amaitu atzo.

Izan ere, irudipena da domina bat irabazteko maila soberan zuela aurtengo ekitaldian. Larunbatean arazorik gabe lortu zuen finalerdietarako sailkapena, eta atzoko jardunaldiari hasiera eman zion finalerdian ere aise eskuratu zuen finalerako txartela, gehiegi arriskatu gabe eta oraindik hobetzeko tartea zuela argi utziz. Finalerdian 11. atea ukitu zuen, bi segundoko zigorra jasoz, eta hala ere lehiaketako hamar onenen artean sartzea lortu zuen 103.15eko denborarekin.

Finalean, ordea, ez zen iritsi espero zitekeen aurrerapauso hori. Elosegik berriz ere ate bat ukitu zuen, kasu honetan seigarrena, eta jaso zuen bi segundoko zigorra zama astunegia izan zen dominen borrokan sartzeko. Bestela ere, jaitsiera ez zen batere ona izan eta azkenean 106.59 izan zen irundarraren denbora, aurreko txandetan erakutsitako mailatik oso urrun.

Urrezko domina Benjamin Savsek esloveniarrarentzat izan zen, 98.25eko denbora bikainarekin. Sekulako jaitsiera egin zuen, hasi eta buka, eta helmuga igaro bezain laster argi ikusi zen garaipena beretzat izango zela. Podiuma osatu zutenak Lukas Rohan txekiarra (101.96) eta Sideris Tasiadis alemaniarra (103.70) izan ziren. Ikus daitekeenez, Elosegik finalerdietan egindako denborarekin finalean brontzezko domina lor zezakeen, baina kontu horiek ez dute ezertarako balio kirolean.

«Zehaztasun falta»

«Pena izan da, gehiago egiteko gai ikusten nintzelako eta ez delako posible izan. Behin finalean zaudenean beti gehiago nahi duzu, baina ezin izan dut nire maila eman. Hasieran akats batzuk egin ditut, hala ere banekien postu on bat lortzeko aukerak izango nituela. Baina azken zatian indarra falta izan zait eta beheko zatian joan zaizkidan hiruzpalau segundo horiek aukerarik gabe utzi naute», aztertu zuen Ander Elosegik finalean egindako jaitsiera.

«Ez nuke esango kontzentrazio falta izan denik, zehaztasun falta izan da gehiago. Orain bero-beroan ez nago pozik, baina denborarekin gehiago baloratuko dut lortutako guztia», gaineratu zuen 33 urteko irundarrak, etorkizunera begira jarriz. «Oraintxe bertan ezin dut ziklo olinpiko oso batean pentsatu, jarraitzen badut urtez urte pentsatuz izango da».

Muguruzak aurrera, Azurmendik irabazi eta Pauline Ado etxera

Tokion parte hartzen ari diren beste euskal kirolarien artean, Garbiñe Muguruza aipatu behar da lehenik, itxura bikaina emanda lortu baitzuen final-zortzirenak jokatzeko txartela. Muguruzak 6-3 eta 6-0 menderatu zuen Qiang Wang txinatarra ordubete eskas iraun zuen partidan, eta bere hurrengo aurkaria Alison van Uytvanck flandriarra izango da asteazkenean. Belgikako selekzioarekin jokatzen duen tenislariak ezustekoa eman zuen atzo Petra Kvitova txekiarra kanporatuz. Gainera, gogoratu behar da Muguruza binakako lehiaketa ere jokatzen ari dela Carla Suarezekin, eta gaur bertan duela hurrengo neurketa Bencic-Golubic Suitzako bikotearen kontra.

Clara Azurmendik ere atzo jokatu zuen bere bigarren neurketa badmintonean, eta garaipen argia sinatu zuen Dorcas Ajoke Adesokan nigeriarraren aurka: 21-10 eta 21-2 21 minutuan. Donostiarrak zaila izango du hurrengo fasera sailkatzea, ligaxkako lehenak bakarrik egiten duelako aurrera eta Seyoung An korearra delako faborito nagusia, baina Tokiotik garaipen bat ospatuta joatea ez da gutxi gipuzkoarrarentzat.

Pauline Adok, azkenik, etxerako bidea hartu behar izan du final-zortzirenetan kanporatua izan ostean. Surflari lapurtarrak Sally Fitzgibbons izan zuen aurkari buruz buruko lehian eta australiarra nagusitu zen 10.86ko emaitzarekin, Adoren 9.03koa gaindituz. Surfa gaur bertan amaituko da, Tokiora hurbiltzen ari den tifoiaren beldur lehiaketa ahalik eta baldintza duinenetan amaitu ahal izateko.