Oiartzungo ondarearen eta memoriaren gordelekua, denen eskura
«Hemen sartzen dena bere etxean dago». Idatzi horrek agurtzen du bisitaria Urdinola-Arizmendi Eneara iristean. Fatxada soilak ez du barruan gordetzen duen altxorraren zantzurik erakusten. Bost urteko zaharberritze lanen ondoren, uztailean ateak zabaldu ditu Oiartzungo ondare historikoaren egoitzak.
Doneztebe plazatik gertu, Aialde kalean behera eginda dago Agustin Arbideren aginduz 1759an eraikitako jauregia. Kontakizun propioa du eraikinak, memoria historikoarekin eta garaiarekin lotua. Arbide senditik urdinolatarren eskura pasatu zen eta haien izena hartu zuen; ia bi mende geroago, 1922an, Angel Arizmendi prokuradore donostiarrak udako bizitoki gisa erosi zuen arte. Senar-emazteak EAJko kideak ziren, Juana Aiestaran Oiartzungo Euzko Emakume Batzako lehendakaria zen, eta 1936ko gerrak eztanda egitean herrian ziren. Etxea konfiskatu eta kuartel gisa erabili zuten nazionalek. Arizmendi, berriz, atxilotu, eta Leoncio Aranburu alkateordearekin batera Ezkaban fusilatu zuten. Aiestaran eta alabak Belgikan erbesteratu ziren, baina urte batzuk geroago oporraldiko etxera itzuli ziren.
Barrura sartzea denboran mende bat atzera egitea da; arizmenditarrek zuten moduan birgaitu baitute. Hala erabaki du «kontakizuna» antolatzeko ardura duen Garazi Atxak. Artearen Historiako irakasle eta komisario oiartzuarrak bertan bizi ziren pertsonen bizimodua islatu nahi izan du, oraindik ere bertan baleude bezala. Horretarako, etxea zaharberritu, altzariak konpondu eta garaiko elementuekin osatu dute.
Familia burges baten etxebizitza da, hiru solairutan antolatua. Eskailerak igota lehena, eremu publikoari lotua. Aurrez aurre frantses eragineko harrera gela, zetazko ehunak imitatzen dituen paper pintatu morez estalia. Maila berean sukaldea eta estilo neobaskitako altzariekin atondutako jangela ere badaude. Gordailuarekin elkarlanean garai bereko zenbait elementu ere jarri dituzte, Iturrioz-Oñatibar familiak emandako irratia eta argazki kamera kasu. Keinu txiki bat ere: Tres Coronas xanpain izendapeneko bi botila, herrian Felix Mitxelena medikuak egina eta izena Aiako harriei zor diena.
Gora eginda, eremu pribatura helduko da bisitaria. Logelak eta bainugela daude bigarren solairuan. Ganbaran, berriz, neskameen gelak eta 1935ean Jose Olazabalek eraikitako kapera, 25. eztei urteurrenean Arizmendik emazteari egindako oparia. Azken solairua da garaian bezala gorde ez den bakarra, zoruaren egoera kaskarrak behartuta.
Apalategi itxurako ate sekretua, leiho ezkutuak, argazkiak diruditen marrazkiak... Ondare eta arkitektura bitxikeriaz nahiz detailez betetako etxea da, batzuk oraindik argitzeko daudenak. Gela guztiak ez daude oraindik ikusgai eta jasotzen ari diren dohaintzak gehitzea aztertzen ari dira.
2012an bereganatua
Eraikina 2012an bereganatu zuen Oiartzungo Udalak, baina familiarekin adostu zuen Maria Teresa Arizmedik bizi artean erabiltzeko aukera izatea, eta ondoren, kulturari edo memoria historikoari lotutako erabilera izatea.
2016an Arantxa Lekuona eta Elena Zalakain historialari eta irakasleek jo zuten Udalera teilatua egoera kaxkarrean zegoela ohartuta. Etxea ikusteko baimena eskatu zuten eta hainbat adituk baieztatu zieten merezi zuela hura gordetzea. Bi herritarrek osatu eta ikertutako inbentarioarekin zaharberritze eta monumentu izendapen prozedurei ekin zioten udal agintariek. 2020an Eusko Jaurlaritzak kultura ondare izendapena eman zion eraikinari eta murruek gordetzen duten lorategiari.
Lau eremutan banatu dute multzoa. Etxe-museoarekin batera, lorategia, egunez irekia eta kultur jarduera askoren lekuko izango dena; kotxera, erabilera anitzeko eremu bezala egokitua eta sarrerako gunea. Azkenekoan, turismo bulegoa egongo da aurrerantzean.
Udan nork bere kabuz bisita dezake museoa asteartetik ostegunera 12:00etan eta 17:00etan; ostiraletan, berriz, 12:00etan bakarrik. Asteburuan 11:00etan eta 12:00etan bisita gidatuak egingo dituzte, euskaraz eta gazteleraz, gehienez bederatzi laguneko taldeetan. Doakoak badira ere, aurrez izena eman behar da. Arizmendi Enea askorentzat misterio bat da eta jakin mina piztu du. Hala, uztailean 150 bat lagun bertaratu dira. Gerora zehazteko dago nola ikusi ahal izango den.
Herrigunean hasi eta Aiako Harriko parketxera iritsi, bidean arditurri bisitatuz
Urdinola-Arizmendi Enea oiartzuarren eta herria ezagutzera datozenen eskura dagoen eskaintza turistikoaren elementu berriena da, baina ez bakarra. Turismo Bulegora galdetzera doazenei nahien arabera aholkatzen diete zer ikusi eta guztientzat bada zerbait.
Ondareari lotuta, Elizalde erdigune historikoan XVI. mendeko San Juan Batailatzailearen kapera errenazentista edota Erdi Aroko Lartaungo Done Eztebe eliza daude, ostegunetan bisita gidatua egin daiteke azken honen barrenean; udaletxea, eraikin historikoak... Auzune horretatik kanpo ere bada zer ikusia. Ergoienen, esaterako, Soinuenea dago, herri musikaren soinu tresnen ezagutzarako eta dokumentazio zentroa, musika instrumentu bilduma oparoa duena; Baita Luberri Ikasgune Geologikoa ere, Aiako Harria parke naturalak eta Oarsoaldeak duten aberastasun geologiko nahiz paleontologikoa ezagutu nahi dutenentzat.
Handik oso gertu, parke naturalaren sarbideetako batean, Arditurri meatze gunea dago. Duela 2.000 urtez geroztik 1984a arte ia jarraian ustiatutako meazulo bakarrenetakoak dira. Urte batzuk geroago, Ingurua berreskuratu zuten, eta meazuloaren zati bat egokitu, bisitatu ahal izateko. Hala, harrobiak, zabortegiak edota ustiapen garaiko eraikinak ikusteaz gain, lur azpiko galeria sarean barrena ibiltzeko aukera ere badu bertaratzen denak. Horrez gain, Aiako Harria parke naturaleko ondasun, kultura eta natura aberastasunen berri ematen duen Parketxea ere bertan da.
Arditurrira oinez edo bizikletan heltzeko bidegorri bilakatutako trenbide zaharrean barrena joan daiteke, bere garaian Pasaiako portura mineralak eramateko erabiltzen zena. Horrez gain, asteazkenero beste aukera bat ere bada: Tren berdea. Doneztebe plazatik abiatzen da joan-etorria, uztailan eta abuztuan bi txandatan. Oiartzungo baliabide natural eta kulturalak beste modu batean bisitatzeko bidea da trena. Horregatik, bisitaren egunaren arabera, Ergoien auzoko bi museoetatik ere igarotzen da.