INFO

12 eta 15 urte bitartekoen %5,3ak txertoa jaso du EAEn

Nerabeak txertatzeko kanpaina erritmoa hasi da hartzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Astelehen honetan jakinarazitako datuen arabera, 12 eta 15 urte bitarteko populazioaren %5,3ak jaso du jada lehen dosia. Batzuk bigarrena ere eskuratu dute.

Bilboko Casillan txertoa ari da hartzen nerabe asko. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 12 urtetik gorako 1.377.901 hiritarrek osatu dute jada covid-19 gaitzaren aurkako txertaketa jarraibidea, horretarako beharrezko dosiak jasota, hau da, populazio talde horretakoen %69,6k. Gainera, %75,8k gutxienez dosi bat jaso du, Osasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Datu berriena hauxe da: 12 eta 15 urte bitarteko haur eta nerabeak hasi dira txertaketa programan sartzen. Nafarroan abuztuaren bigarren hamabostaldian gertatu da gehienbat.

Hain zuzen, EAEko osasun agintaritzak 2.846.220 txerto dosi jaso ditu kanpaina hasi zenetik (1.918.620 Pfizer, 280.200 Moderna, 549.600 AstraZeneca eta 97.800 Janssen), eta 2.726.466 eman dira, hau da, jasotakoen %95,8.

Emandako txerto guztietatik 1.227.505 bi dosietakoak izan dira, eta 150.396 dosi bakarrekoak. Modu honetan, orotara, EAEko 12 urtetik gorako 1.377.901 hiritarrek osatu dute txertaketa jarraibidea orain arte, hau da, talde horretako biztanleriaren %69,6k.

Oro har, Osasun Sailak astelehen honetan eguneratu duen txertaketa buletinaren arabera, 1.898.842 Pfizer dosi (jasotakoen %99), 263.647 Moderna dosi (%94,1), 474.104 AstraZeneca dosi (%86,3) eta 89.873 Janssen dosi (%91,9) eman dira orain arte.

Adinaren arabera, txertoaren lehen dosia jaso dute EAEko 100 urtetik gorako hiritarren %95,2k, 90-99 urtekoen %93,1ek, 80-89 urtekoen %97k, 70-79 urtekoen %95,6k, 60-69 urtekoen %92,6k, 50-59 urtekoen %91,1ek, 40-49 urtekoen %85,7k, 30-39 urtekoen %67,3k, 20-29 urtekoen %34,7k, 16-19 urtekoen %22,1ek eta 12-15 urtekoen %5,3k.

Bigarren dosia jaso duten pertsonen tasa %94,3 da 100 urtetik gorakoen artean, eta 90-99 urtekoen artean %93. Gainera, 80-89 urtekoen %96,6k, 70-79 urtekoen %95,5ak, 60-69 urtekoen %92k, 50-59 urtekoen %89,3k, 40-49 urtekoen %83,7k, 30-39 urtekoen %47,2k, 20-29 urtekoen %17k, 16-19 urtekoen %5,1ek eta 12-15 urtekoen %0,8k jaso dute bigarren dosia.