19 urteko Athing Mu estatubatuarrak eraman du 800 metroko lasterketako urrea
Hasi eta buka aurreneko postuan eman du finala Mu gazteak eta 1:55.21eko marka itzela egin du, Estatu Batuetako errekorra ezarriz gainera. Zilarra Keely Hodgkinson britainarrarentzat izan da eta brontzea, berriz, atzetik aurrerako lasterketa egin duen Raevyn Rogers estatubatuarrarentzat.
Denboraldi apartari erremate ezinhobea ezarri dio Amerikako Estatu Batuetako Athing Mu atleta gazteak, 19 urte eskasekin 800 metroko lasterketan urrezko domina eraman baitu. Hasi eta buka, Mu bera izan da lasterketa buruan eta egundoko erritmoa ezarri dio finalari. Hain bizia, ezen urrezko domina ez-ezik, AEBtako errekorra ere egin baitu 1:55.21 denborarekin, Caster Semenya hegoafrikarraren lekukoa hartuz.
Irabazle berriak lana beltz egin behar izan du azken metroetara arte. Keely Hodgkinson britainiar gazteak ez du etsi eta inguruan izan du estatubatuarrak. Hain zuzen, Hodgkinsonek ere bere herrialdeko markarik onena ezarri du –1:55.88– eta bestetik, Raevyn Roges estatubatuarrarentzat izan da brontzezko domina. Athing Muk ez bezala, honek azken postuan ekin dio finalari eta azken metroetan bakarrik egin du aurrera, helmugara hirugarren sartu den arte. Hala ere, Rogersek ere bere bizitzako markarik onena egin du azkenean: 1:56.81.
Sorpresak, aurretiaz
Finalean ez da halako sorpresarik izan, aurrez finalerdietan jazo direlako sorpresarik handienak. Izan ere, Ugandako Halimah Nakaayi Munduko egungo txapelduna, Rose Mary Almanza kubarra eta AEBtako Ajee Wilson –brontzezko dominaren irabazle Munduko azken bi txapelketetan– finaletik at geratu dira.
Hala, finalaren atarian zer gertatu den jakitun, Athing Muk etxeko lanak ez ditu azkenerako laga nahi izan. Aurreneko metroetatik hartu du lasterketaren buruzagitza eta ez du aukerarik eman. Aurreneko itzulia 57.82 segundotan bete du eta ordurako aurkariek nahikoa lan izan dute bere erritmoa jarraitzen.
Ez dute etsi, ordea, eta 200 metro falta ziren arte belarri atzean sentitu ditu estatubatuar gazteak, batez ere «armada» britainiarra. Hala ere, azken erritmo aldaketarekin lehiakide guztien erresistentziarekikoak egin ditu eta 19 urte eskas izanagatik, denak aurrean eraman ditu urrezko domina irabazi arte.