INFO

Baldintzapeko askatasuna lortu dute Idoia Martinezek eta Urko Labeagak

Hirugarren graduan ziren duela hilabete batzuk eta orain baldintzapeko askatasuna eskuratu dute bi euskal preso politikok: Urko Labeagak eta Idoia Martinezek, bizkaitarrak biak. Ez dira espetxera itzuliko, beraz.

Etxeraten mobilizazioa Ibarrangelun, pasa den igandean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bi euskal preso politiko gutxiago dago gaur asteartetik, Urko Labeagak eta Idoia Martinezek baldintzapeko askatasuna eskuratu dutelako, Etxeratek jakinarazi duenez. Aurretik jada hirugarren graduan ziren eta erabaki honekin ez dute kartzelara itzuli beharko. Espetxealdi luze-luzeak izan dituzte biek, aurreko mendetik zetozenak.

Lege arrunta aplikatuz, egun preso diren Kolektiboko hiru kideetatik batek baldintzapean aske egon beharko lukeela nabarmendu da azken hilabeteotan, baina ate horrek, gehienetan, itxita segitzen du. Gaur egun oztopo nagusienetakoa bigarren gradutik hirugarren gradura pasatzeko atakan dago. Hori jada iazko irailean lortu zuen Labeagak, eta bi hilabete beranduago Martinezek, baina ia beste urtebete behar izan dute baldintzapekoa eskuratzeko.

1998. urtean kartzelaratu zuten Urko Labeaga Garcia. Duela hiru urte, Asturiaseko Villabonan preso zutela, ama hil zitzaion eta ezin izan zuen agurtu, adinaren ondorioz Pili Garciak bidairik ezin zuelako egin. Gero Martutenera eraman zuten Labeaga. Berez, 2017. urtean bete zuen aske gelditzeko zigorraren beharreko zatia. Sopelarra da eta 50 urte ditu.

Oso antzekoa da Idoia Martinez Garciaren kasua. Iazko azaroan onartu zitzaion hirugarren gradua, eta orduan Villabonatik Zaballara lekualdatu zuten. Aurretik, 2015ean bere kontrako zigor bat (28 urtetakoa) baliogabetu zuen Auzitegi Gorenak, Entzutegi Nazionalak ezarria. 27 urte egin ditu preso guztira. Arrigorriagakoa da eta 53 ditu.

Abuztu honetan zehar, bestalde, hiruzpalau presok amaituko dute zigorra eta aske ateratzea espero da.