Erreduren orbainak ezkutatzetik, atletismoan segurtasuna aurkitzera
Alison Dos Santosek brontzea jantzi du 400 metro hesidunetako proban, munduko marka apurtu duen Warholm norvegiarra eta Benjamin estatubatuarraren atzetik. Berea zen Hego Amerikako marka hobetu du. Nolanahi ere, brasildarraren istorioa dominaz harago doa.
Isila, burumakurra, lotsatia. Halaxe gogoratzen dute Alison Dos Santos ondoen ezagutzen dutenek. Beti bisera batek babestuta, eta ez beti eguzkiaz babesteko. Biserak erabilera bikoitza hartu zuen: buruko orbainak eguzkietatik babestea baina baita ezkutatzea ere.
Izan ere, brasildarrak etxeko istripu baten eraginez, erreduren orbainak ditu kopetan eta buruan. 10 hilabete zituela gertatu zen istripua. Bere amona sukaldatzen ari zela Dos Santos txikiak irakiten zegoen olioarekin betetako zartagina mugitu eta hau bere gainera erori zen. Amonak ere, laguntzeko asmoarekin, zaurituta bukatu zuen.
Hilabete batzuk ospitalean egon ziren –Alison Dos Santos bera bost hilabetez– eta ordutik, erredurak babesteko asmoz –ez baita komeni eguzkiaren izpi ultramoreek orbaina jotea– bisera batekin ibili ohi izan da Alison Dos Santos. Baita atletismoan ere. «Bera hain zen lotsatia, soilik biserarekin ateratzen zela, orbainak ezkutatu asmoz», gogoratzen du bere lehen entrenatzailea izan zen Ana Fidelisek, UOL Esport hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.
Hain zen lotsatia, pistan lehiatzeko lehen gonbidapenei uko egin ziela. Azkenean, baina, txikitako lagun batek konbentzitu zuen parte-hartzera. Gutxigatik, beraz, ez zuen ihes egin atletismotik eta gaitz erdi, berak apurtu bazuen azkenekoz –Olinpiar Jokoetan finalerdietan, hain zuzen ere– Hego Amerikako errekora 400 metro hesidunetan eta astearte honetan, finalean, denbora hori bera hobetzea lortu du (46.72).
Parte hartu zuen lehenengo txapelketan, oraindik nerabea zenean, bisera batekin lehiatu zuen Sao Paoloko zentro Olinpikoan, gogoratzen du Fidelisek.
Hor hasi zen Brasili zoriontasunerako arrazoi gehiago eman dakiokeen atletaren ibilbidea. Orbainek eragindako lotsaren atzean atleta baten hazkuntza hasi zen, 21 urterekin Olinpiar Jokoetan brontzezko domina eta Hego Amerikako marka hobetzeraino.
Bi metro neurtzen dituen atleta zirlinga honek behin lotsa atzean utzita, erronka asko ditu aurretik. «Hobetu egin naiz eta gaur naiz Alison», esan zuen, ja biserarik gabe, 2019ko Panamerikar Jokoetan, txikitan etxean izandako istripuaz lehen aldiz hitz egin zuenean.
Brasilek inoiz ez zuen dominarik lortu 400 metro hesidunetako proban. Alison Dos Santosek egin du balentria, erreduren orbainek eragindako traumatik atletismoan segurtasuna aurkitzera iritsi den atletak.