INFO

EMAk Sputnik V-ren inguruan erabaki «despolitizatua» hartzea espero du Errusiak

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak asteazken honetan adierazi duenez, Sendagaien Europako Agentziak (EMAk) Sputnik V txertoaren inguruan erabaki «despolitizatua» hartzea espero du Moskuk.

Sputnik V txertoa munduko ia 70 herrialdetan onartuta dago. (Manjuntah KIRAN/AFP)

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak asteazken honetan adierazi duenez, EMAk Sputnik V txertoaren inguruan politikatik kanpoko erabaki bat hartzea espero du.

«Ziur gaude gizakien osasunari eta bizitzari buruz ari garenean, ez dagoela lekurik politikarako. Europar Batasuneko gure kideek hori kontuan hartzea espero dut», esan dio Errusiako diplomaziaren buruak ‘Komsomolskaya Pravda’ egunkari errusiarrari.

Lavrovek gogorarazi duenez, EMA aztertzen ari da honetan txerto errusiarra, eta apirila eta maiatza bitartean bidali zituen espezialistak proba klinikoekin eta txertoaren fabrikazioarekin lotutako erakunde medikoak eta ekoizpen-lerroak bisitatzera.

Ildo horretan, eskura duen informazioaren arabera, «ez dago inolako kexarik txertoari edo horren eraginkortasunari buruz».

Hala ere, Sputnik V txertoa munduko ia 70 herrialdetan onartu eta erabiltzen den arren, Hungaria, Bosnia eta Herzegovina, Eslovakia, Serbia eta Montenegron kasu, Europako herrialde batzuetatik gero eta «erretorika oldarkorragoa» entzuten dela deitoratu du.

«Lehen adi egon beharraz hitz egiten bazuten ere, azken aldian ez dira mozten Sputnik V eta horrekin inokulatutako atzerritarrak EBn sartzea galarazteko dei zuzenak egiteko orduan», baieztatu du.

San Marino eta Argentinako adibideak ere aipatu ditu Lavrovek. «Gaur egun, Europako herrialde txiki honetan herritarren %70ek baino gehiagok hartu dute txertoa, 42.000 dosi inguru erabili dira, eta horietatik %88,6 Sputnik V.ari dagozkio», azaldu du.

Argentinari dagokionez, «Buenos Airesek ez du zalantzan jartzen Sputnik V.aren alde egindako apustua zuzena izan zela».

«Dagoeneko 11 milioi bidali dizkiogu herrialde latinoamerikarrari. Txertoaren erabilera zabalak jendearen egoera arindu zuen eta kutsatze mailak murriztu», azpimarratu du.