Distirarik ez, baina lehiakortasuna berreskuratu dute Ezkurdia-Imazek (22-13)
Jokoan sei tanto egitea nahikoa izan dute arbizuarrak eta oiartzuarrak huts gehitxo pilatu dituzten Jaka-Tolosaren aurka txapelketako lehen puntua eskuratzeko.
Ziur bai batak eta bai besteak izango zituztela egun distiratsuagorik, baina Mastersean aurrera egiteko aukerak izateko garaipena behar zuten garaipena eskuratu dute Ezkurdia-Imazek, behar baino gehiago huts egin duten Jaka-Tolosari 22-13 irabazita. Frontoi zail batean lanerako borondatea eta gaitasuna erakutsiz, oso serio jokatuta, jokoan egindako bost tanto eta erantzun gabeko hiru sake nahikoak izan dituzte arbizuarrak eta oiartzuarrak, lehen puntua eskuratu eta gaurko arerioei tanto averagea ere irabazteko.
Partidak, dena dela, ez du batere itxura onik izan gorrientzat hasieran, izan ere, Jaka-Tolosa 0-4 aurreratu dira. Imazek zailtasun handiak izan ditu partida hasiera horretan lizartzarrari aukerako pilotarik ez uzteko eta aurrelari gipuzkoarrak ez du barkatu, lehen hiru tantoak aurrera joanda eginda.
Sendotasunik ez
Partida, ordea, azkar antzean aldatu da, lehenengo gorriek gora egin dutelako, baina baita gipuzkoarrak aurreko astean Oñatin, galdu arren, erakutsi zuten sendotasunari eusten asmatu ez dutelako. Atzean, Tolosak inoiz ezin izan du jokoaren ekimena eraman behetik gora egin duen Ander Imazen aurka eta hutsak ere, nahi baino gehiago egin ditu. Igandean alerik apenas galdu ez bazuen ere, gaur azkenerako 7 bota ditu eta Erik Jakak, erasoan arriskuak hartu beharrean, komeni baino askoz gehiago bildu ditu, 9 denera.
Binakakoan ere antzerako zerbait geratu zitzaion Joseba Ezkurdiari, lehen jardunaldietan kosta egin zitzaiela lehiakortasun hori aurkitzen, gaur bost tanto baino ez ditu egin, airez bi baino ez, baina pilotari abiadura ematen asmatu du eta une oro partidan oso sartuta egonda, bizirik jarraitzeko puntua eskuratu dute eta edozein bikoterentzat arerio arriskutsuak izan daitezke jokoa bereskuratzen badoaz.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Imaz: 22
Jaka-Tolosa: 11
Pilotakadak: 644. Iraupena: 69 minutu. Markagailua: 0-4, 5-4, 5-7, 6-8, 7-9, 8-10, 12-10, 12-11, 16-11, 16-12, 18-12, 18-13, 22-13. Sakeak: 3 Ezkurdiak eta 0 Jakak. Tantoak: 5 Ezkurdiak, 1 Imazek, 6 Jakak eta 1 Tolosak. Hutsak: 3 Ezkurdiak, 3 Imazek, 7 Jakak eta 6 Tolosak. Gorabeherak: Plentziako Jai Alai pilotalekuan hasi da Mastersaren laugarren jardunaldia.