INFO

Andoni Murga kalera, mende laurdeneko espetxealdia gaindituta

25 urteko kartzelaldia gaur, asteazkena, amaitu zaio Andoni Murga Zenarruzabeitiari eta etxera bidean da. ‘Egin’-eko kazetaria 1996an atxilotu zuten eta geroztik orain arte preso izan dute, inongo kalte fisikorik gabeko atentatu batengatik.

Murga, senide eta lagunez inguraturik, gaur Zuera atzean utzita.

Sei egun barru 25 urte beteko dira Guardia Zibilak Andoni Murga Zenarruzabeitia atxilotu zuenetik. Geroztik gaur arte beti espetxean izan da, oso zigor luzea jarrita, ETAko kide izan eta enpresa baten aurkako zauriturik gabeko atentatu bakarra egiteagatik. Gaur, asteazkena, azkenik aske geratu da, zigorra guztiz amaituta. Zaragozako Zuerako espetxeraino joan dira senide eta lagunak, bai eta ‘Egin’-en lankide izandakoak ere, bera agurtu eta etxerako bueltan laguntzeko.

Izan ere, ‘Egin’-en kazetari lanetan ari zen Murga atxilotu zutenean, Fernando Alonso Abadekin batera. Hau iaz geratu zen aske eta berarekin batera amaitu du zigorra orain (irudian, elkar agurtzen Zueran).

1996ko abuztuaren 17an gertatu zen sarekada hura. Patxo Murga aita eta Isidro Murga osaba kartzelaratuak izango ziren beranduxeago, ‘Egin’ bultzatzeagatik, 18/98 sumarioren barruan. 2019an hil zen Isidro.

Laudiorekin lotura estua du, beraz, Andoni Murgak, Bilbon jaio zen arren. Hernani zuen bizitoki eta bertan harrapatu zuen Guardia Zibilak. Torturak jasan zituzten inkomunikazio-aldian, Javier Gomez de Liaño Entzutegi Nazionaleko epaileak bukaera jarri zion arte.

Kartzelaldia bereziki Soto del Realen, Valladoliden eta A Coruñako Teixeiron pasa du, eta azkeneko zatia Zueran. Bertan ez zaio lege bidea jorratzen utzi, ezaguna baita bertako zuzendaritzaren jarrera itxia. 53 urte ditu Andoni Murgak.

Lau euskal preso politikok utzi dute atzean espetxea azken egun hauetan: lehenik Idoia Martinez eta Urko Labeaga, baldintzapeko askatasuna eskuratuta, eta gero Igor Suberbiola, Murga bezala zigorra guztiz amaiturik.