INFO

Laso eta Albisuk ederki hartu dituzte mendean ezin asmatuta aritu diren Jaka eta Tolosa

Peio Etxeberriak min hartu zuen pasa den asteburuan eta hala, Albisurekin osatzen duen bikoteak Masterseko bigarren porrota jaso zuen. Astebete beranduago, Lasok ordezkatu eta eszenatoki berean, garaipen ederra lortu dute (7-22). Ezkurdia-Imaz bikoteak bigarren garaipena eskuratu du. 

Lasok 14 tanto egin zituen garaipen eder bat sinatzeko. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Hiruzpalau asterako pilotalekuetatik at egon beharko den Peio Etxeberriaren ordezko aritu den Unai Laso eta Albisuk Masterseko hirugarren puntua eskuratu dute burua ezin altxata dabiltzan Jaka eta Tolosaren aurka. Gorriek laugarren porrota jaso dute erreskadan eta sailkapeneko azken postuan jarraitzen dute ligaxka bukatzeko bi jardunaldiren faltan. Arerioak erreakzionatzen dabiltza –esaterako, Olaizola II.ak eta Zabaletak bigarren puntua eskuratu zuten ostiralean– eta Jaka-Tolosa bikotea gero eta makalago ageri da.

Larunbat arratsaldean Zarautzen jokaturiko norgehiagokan, gainera, soilik zazpi tanto egin ahal izan dituzte –berdinketa baten kasuan, tantoen diferentziak ere badauka garrantzia–. Baina Jaka-Tolosaren porrotean, beraien akatsek baino –Erik Jakak lau erratu zituen eta Tolosak hiru–, meritu gehiago izan zuten arerioek. Lasok, esaterako, 14 tanto egin zituen, soilik lau akats eginda, eta Albisu ere oso sendo agertu zen. Tanto bakar bat egin bazuen ere, soilik huts bakarra egin baitzuen eta beraz, guztiz merezita irabazi zuten bosgarren jardunaldi hau.

Bi neurketen faltan jada hiru puntu batuta, ez lukete zailtasun gehiegirik pasa beharko play-offetarako behintzat sailkatzeko. 

Ezkurdia-Imazen bigarren puntua

Gaueko jardunaldian, Ezkurdia-Imazek ligaxkako bigarren puntua batu dute Urrutikoetxea eta Martijaren aurka Mallabian jokatutako norgehiagokan (22-11). Badirudi hauek ere gero eta hobeto sentitzen direla pilotalekuan eta bigarren garaipen honekin, play-offetako borrokan bete-betean daude sartuta. 

Urrutikoetxeak eta Martijak pasa den asteburuan batu zuten hirugarren puntua, Peio Etxeberriaren lesioaren ondotik, markagailua 12-8 zegoela partida bertan behera geratu zenean. Urrats handia izan zen beraientzat baina larunbat gaueko Ezkurdia eta Imazek, finalerdietara sailkatzeko aurrerapausoa izan zitekeena ematea eragotzi diete. 

Beraz, bi jardunaldiren faltan eta bosgarren jardunaldia bukatzeko partida baten faltan, estu dago ligaxka. Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a eta Jaka-Tolosak ixten dute sailkapena, biek puntu bat daukatela. Eta goialdean, Peña II.a eta Rezusta daude buru, lau punturekin; atzetik, Urrutikoetxea-Martija, Altuna III.a-Aranguren eta Etxeberria-Albisu hiru puntura berdinduta daudela. 

Olaizola II.a-Zabaleta eta Ezkurdia-Imazek bina puntu dituzte.