INFO

Arraun Lagunakek bere historiako lehen liga irabazi du; Orio nagusitu da Zarautzen

Oriok eraman du Zarauzko XIII. Ikurrina, bere hirugarrena, lehen jardunaldiko errentari probetxua aterata baina asteburuko txapeldun nagusia Arraun Lagunak da, bere historiako lehen liga irabazi baitu. Igandeko estropadan indarrak parekatuago egon dira eta segundo bategatik gailendu da Orio. 

Arraun Lagunakeko arraunlariak liga garaikurra ospatzen Zarauzko uretan. (Jon URBE / FOKU)

Azken bost jardunaldietatik hirutan lehen postuan helmugaratu ostean, Oriorekiko puntu bateko aldearekin iristen zen Arraun Lagunak estropada erabakigarrira. Nahikoa zuen arerio zuzena baino postu bat atzetik helmugaratzea bere historiako lehen liga eskuratzeko eta hori bermatzera ureratu da.

Urduritasuna pil-pilean, trakets aritu da ziabogan eta hor denbora galdu duen arren, bigarren luzean Orio gogorretik lan egitera behartu du. Aurreko eguneko denbora iraultzea ezinezkoa izan den arren, jardunaldi honetan garaipena eskuratzea zaildu dio. 

Nolanahi ere, Oriok astindu du Zarauzko XIII. Ikurrina. Aipatu larunbateko jardunaldian eginiko estropada ederraren ondotik, kasik 10 segundoko errentarekin ureratu da bigarren jardunaldian eta denbora aldetik, kontua estu aritu den arren, azkenean segundo bateko aldearekin helmugaratu da. Larunbatean ez bezala –Oriok sekulako irteera egin eta segituan ireki zuen aldea arerioekiko–, igande honetan indarrak parekatuago egon dira, nahiz eta Hondarribia apur bat atzean geratu den. Hala ere, hondarribiarrak azken luzean metroak irabazten joan dira «Torrekua I.ari eta azkenean, bigarren jardunaldia hirugarren postuan bukatzea lortu dute. 

Ziabogan «Lugañenek» denbora gehiegi galduko zuela zirudien baina luze izugarria egin dute, azken jardunaldietan erakutsitako sendotasuna agerira ateraz. Ez da izan harritzekoa, beraz, Orioren traineruaz gain, poztasunaren oihuak Arraun Lagunaken arraunlarien artean ere entzungai egotea. Emozio handiko bukaera izan da eta Orio, ikurrinarengatik –bere hirugarren Zarauzko ikurrina–, eta «Lugañene», liga garaikurragatik, oso pozik agertu dira helmugan. 

Azken zazpi urtetan, San Juan zein Orio aise nagusitzen ziren liga erregularrean eta beraz, aurten Oriok eta Arraun Lagunakek eskainitako erakustaldia txalotzekoa izan da. Iaz, traineru donostiarrak ez zuen zorterik izan koronabirusa dela-eta, eta pare bat asteburutan lehiatu gabe geratu behar izan zen. 

Aurten indarrak errekuperatu eta azken bi urteetako txapeldunarekin lehia estuan aritu da asteburua joan, asteburua etorri. «Torrekua I.ak» ere hautagai indartsua zirudien egin dituen fitxaketen ondorioz –Andrea Oubiña, Ane Pescador eta Nerea Perez patroia, kasu– eta Orion nolabaiteko ziklo aldaketa ere ematen zelako, baina Arraun Lagunaken erregulartasunak erabat gainditu ditu. 

Itziar Eguren presidentea oso hunkituta agertu da ETBren kameraren aurrean, «pisu handi bat kendu» dutela onartu du. «Ikasi egin behar da liga honetan arraun egiten, oso liga zoragarria egin dute, bandera dezente eraman ditugu. Atzo ez ginen ondo aritu, gaur beste modu batera aritu gara eta oso pozik», azaldu du. 

Miren Garmendia, patroi onena

Patroi onenaren sarian ere aldaketa egon da aurtengo denboraldian. Izan ere, Hondarribiako Miren Garmendia nagusitu da. Bere trainerua azken sailkatua izanagatik ere, patroiak 24 puntu batu ditu orotara. Hondarribiak eman dituen aurrerapausoen erakusle ere bada Garmendiaren sari hau. 

Zarauzko XIII. Ikurrina

1. Orio                    21:57.11
2. Arraun Lagunak   22:08.28. 
3. Donostiarra         12:21.46
4. Hondarribia         12:27.08 

Sailkapen nagusia

1. Arraun Lagunak    39 puntu
2. Orio                    39
3. Donostiarra         24
4. Hondarribia         18