INFO

Olatz Rivera, FIFAko epaile nagusi; lehen euskal emakumea da

Lehen Mailako epaile bizkaitarrak 2019an egin zuen debuta nazioarte mailan laugarren arbitro bezala.

Olatz Rivera bilbotarrak bosgarren denboraldiari ekingo dio aurki Iberdrola Ligan. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Emakume epaile euskaldunek beste aurrerapauso bat eman dute. Eta berriro ere, Olatz Rivera izan da aitzindaria. Orain dela bi urte laugarren epaile bezala nazioarteko debuta egin ondoren, bizkaitarra FIFAko epaile nagusi izendatu berri dute. Muga hori gainditzen duen lehen euskal emakumea da.

Federazioak zabaldutako adierazpenetan, Riverak «oso pozik» dagoela onartu du. «Ez nuen espero. Deitu zutenean, sorpresa itzela izan zen niretzat. Oso pozik nago eta lanean hasteko gogotsu». Epaile bilbotarrak oraindik ez daki noiz estreinatu ahal izango duen bere «titulu» berria. Eta ez zaio larregi inporta zein izango da bere kargu izango duen lehen partida. «Ez dut lehentasun berezirik, egokitzen den partida ondo egongo da. Poliki-poliki joan beharra dut, eta, dena ondo badoa, izango dut etorkizunean partida politak arbitratzeko aukera», nabarmendu du. Aurretik «bide luzea» duela onartu du. «Beste ate bat zabaldu zait orain, baina bidean ate asko daude oraindik ere. Nik aurrera egiten jarraitu nahi dut, emakumezkoen zein gizonezkoen futbolean, baina bidea hasi besterik ez dut egin oraindik».

Egia esan, hasi, aspaldi hasi zuen bidea. Bizkerre taldeko jokalari ohiak 18 urterekin egin zuen epaile izateko lehen ikastaroa, taldekide izandako bi lagunekin. Badirudi talde bizkaitarra epaileen harrobi ere badela, bertan jokatu baitzuten Espainiako Federazioak Iberdrolan Ligan epaileak emakumeak izatea erabaki zuenetik euskal arbitrajea ordezkatu duten lau lagunek: Olatz Rivera bera, Beatriz Arregi, Arantza Gallastegi eta Iragartze Fernandez laguntzailea.

Hastear den denboraldian Haizea Castresana arabar laguntzaile gaztea gehituko zaie. Arantza Gallastegi, gainera, gizonen Hirugarren Mailan arituko den Euskal Batzordeko lehen emakumezko epaile nagusia bihurtuko da aurten. Seguruenik horrelako albiste gehiago etorriko dira etorkizunean. Izan ere, Riverak azpimarratu bezala, «gero eta emakume gehiago gaude, ni hasi nintzenean baino dezente gehiago. Gainera, gazteak dira, etorkizun handia dute aurretik». Olatz Riveraren kasuan, Iberdrola Ligan bosgarren denboraldia hasiko du aurten. Orain, gainera, nazioarteko partidak ere arbitratuko ditu Bilboko informatika ingeniariak.