INFO

Legezko kalamuaren merkatua zabaltzen ari da Erresuma Batuan

Covidaren izurriteak bultzatuta, legezko kalamuaren merkatua bizkortu egin da Erresuma Batuan, CBDren produktu lasaigarriekin bereziki. Mundu mailan ere ederki ari da garatzen landare honen hazkuntza, lege arau murriztaileak gorabehera.

Joe Oliver, LDN-CBD produktuaren sortzaileetako bat, Londresen. (Adrian DENNIS / AFP)

CBD (cannabidiol) produktua lasaitzeko eta estresari aurre egiteko ona dela diote. Boladan dago, eragingarria den ala ez ziurtatua ez badago ere. Kalamuaren osagai aktiboetako bat da. Estraktu edo olio forman saltzen da eta ez da psikotropikoa.

«Egiazko iritzi aldaketa bat gertatu da», adierazi dio Joe Oliver LDN-CBD produktuaren sortzaileetako batek AFPri. Bertze enpresa aunitz bezala, bere markak 2018an hasi zuen bidea Londresen eta orain partaideen bidez finantziatzeko kanpaina bat prestatzen ari dira.

«Bildu ditugun testigantza eta iritzien arabera, esperientzia traumatiko, eritasun kroniko edo estresa sortzen duten inguruei aurre egin behar dieten pertsonei egiten die batez ere mesede», azaldu du Oliverrek.

Erresuma Batuan, produktu naturaletan espezializatutako kate aski ezagunetan eskura daiteke CBD, Boots eta Holland & Barrett-en kasu. 2021 honetan, sektoreak 810 milioi euroko irabaziak sortzea espero dute, ACI (Association for the Cannabinoid Industry) elkarteak jakinarazi duenez.

1.170 milioi eurora iritsi daiteke 2025ean, Savills kontsultoria bulegoaren estimazioaren arabera.

Kalamua, Burtsan

`Ongizatearen´ merkatua garrantzitsuagoa da terapia gisa erabiltzen den kalamuarena baino (eritasun batzuentzako errezeta egiten du medikuak). Dibertitzeko kalamua, berriz, ez dago baimendua.

Publiko orokorrari zuzendua dagoen CBDren kasuan, Britainia Handia munduko bigarren merkatua bilakatu dela esplikatu du Steve Moore ACIren sortzaileetako batek. Kalamuaren «iraultza lasaiari» egin dio erreferentzia.

Merkatua zabaltzen ari dela adierazten duen ekintza bat kalamu terapeutikoan edo kalamuaren oliotik eratorritako produktuetan espezializatutako enpresek Londreseko Burtsan kotizatzeko aukera izatea da.

«Baina, Britainia Handia arlo honetan Europaren gailurrean badago, hori bere biztanleriak AEBekiko duen miresmenaren ondorio da», aipatu du Moorek. Ameriketako Estatu Batuek munduko merkaturik handiena dute eta marketin handia egiten ari dira azken urteetan.

«Gainera, pandemiak eskaera handitu zuen, estresa, lo egiteko arazoak eta antsietatea zirela-eta», azaldu du ACI elkartearen sortzaileak.

Duela gutxitik Erresuma Batuak araudi bat du bezeroei produktuen kalitatearen bermeak ematera zuzendua. Orain arte gerta zitekeen olio batzuek CBDren arrastorik ez izatea edo, kontrakoa, psikotropikoak izatea.

Elikaduraren segurtasunaren agentziak (FSA, Food Standards Agency) «elikagai berritzat» hartu du CBD, Europar Batasunak 2019an hartu zuen erabaki batekin bat eginez. Bere webgunean, ordea, oraindik bere eraginei buruzko galdera batzuei erantzun beharra dagoela aitortzen du.

«Oraindik ez dago froga garbirik CBDk printzipioz eragina duen osasun arazo guztietan funtzionatzen duela baieztatzeko, epilepsia mota batzuk salbu», agertu dio Sagnik Bhattacharyya Londreseko King’s Collegeko Psikiatria irakasleak AFPri. Horregatik, produktu hauen komunikazioa eta publizitatea hagitz arautuak daude.

Bertze erronka batek landareen hazkuntzarekin berarekin du zerikusia, ez baita hain erraza.

Loreak suntsitu behar dira

Kalamua haztea posible bada ere, legeak loreak edo kukuluak suntsitzera behartzen du. Substantzia psikoaktiboa gordetzen duten zatirik onenak dira hauek.

Beraz, CBDren fabrikatzaileei gelditzen zaien aukera bakarra olioa AEBetatik eta Europatik ekartzea da.

«Zaila da ulertzen, batez ere Brexitaren ondoko aldian, zergatik den legezkoa CBD inportatzea eta zergatik dagoen debekatua ekoiztea», azpimarratu du Bridge Farm-eko zuzendariak, Louise Motalak. Ingalaterraren ekialdean, Linolnshiren, kokatutako esplotazio bat da Bridge Farm. Azaldu duenez, badu kalamua landatu eta hazteko baimena, baina ezin du berak nahiko lukeen bezala erabili.

Hala eta guztiz ere, erronka hauen gainetik, Oliverren gisako profesionalek harrituta begiratzen diote urte gutxi batzuetan egin duten bideari, zerekin eta beti fama ona izan ez duen landare batekin. «Milaka pertsonaren bizitza ikusi dut aldatzen. Kalamua erabat debekatua zegoen garaia oroitzen dut», azpimarratu du CBD produktuaren sortzaileak.