Brandeburgoko Atean zintzilikatu dira klima babesteko
Ingurugiroaren aldeko aktibistak Berlingo Brandeburgoko Ate ikonikora igo eta bertan lotu dira ostiral honetan, planetaren berotzea geldituko duen politika bat galdegiteko.
Berlingo Brandeburgoko Atera igo eta bertan lotu dira ingurugiroaren aldeko aktibista batzuk, planeta berotzen ari dela ohartarazi eta horri buelta emateko politikak exijitzeko.
Aste osoan egiten ari dira Alemaniako hiriburuan gisa honetako ekintzak, klima aldaketaren aitzinean konpromiso politiko handiagoa eskatzeko. Irailaren 26an eginen diren hauteskunde orokorretarako bost aste baino gutxiago falta dira, eta gai nagusietako bat bilakatu da planetaren berotzea, joan den uztailean 180 lagun hil baitziren uholde larri batzuen ondorioz.
Berlingo poliziak azaldu duenez, Brandeburgoko Atea eskalatu duten aktibistez gain, bertze pertsona talde batek monumentu hau inguratzen duen kalea itxi du goizean tarte batez, bi kamioiren laguntzaz.
Segurtasun indarrek, ekipo astun batekin eta denborarekin, 200 manifestari inguru sakabanatu dituzte. Guztira sei pertsona atxilotu dituzte, poliziak jakinarazi duenez.
Eserialdia eta mozketak errepidean eta metroan
«Itzuliko gara», abisatu du Extinction Rebellion aste honetan Berlinen klimaren aldeko ekintzak antolatu dituen kolektiboko bozeramaile batek.
Astelehenean hasi ziren mobilizazioak, Brandeburgoko Atearen aurrean eserialdi bat eginez. 300 lagunek parte hartu zuten. Horietako batzuk lekedarekin itsatsi ziren lurrera.
Parlamentuaren eta Kantzilertzaren parean bukatu zen martxan errepidea moztu zuten, baita Gobernua dagoen auzoko metroko linea batzuk ere.