INFO

Lan istripuak agenda politikoaren erdian jartzeko exijitu dute sindikatuek

Euskal sindikatuen gehiengoak protesta egin du ostiral honetan Lakuako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzaren aurrean, lan istripuen egoera «jasanezina» agenda politikoaren erdian jartzeko eskatzeko. Sei egunetan hiru pertsonak galdu dute bizia.

Lan istripuak bukatzeko zer pauso emateko prest dauden galdetu diete sindikatuek agintariei Lakuako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzaren aurrean. (Gorka RUBIO/FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRUk salatu dutenez, sei egunetan hiru pertsona hil dira Hego Euskal Herrian. Azken heriotza asteartean gertatu zen, Urretxuko Usabiaga enpresan. Bertan, 42 urteko langile bat hil zen `fenwich´ edo orga jasotzaile batek azpian harrapatuta. Astelehenean, Construcciones Moyua enpresako 54 urteko behargin bat zendu zen Ormaiztegin. Eta aurreko ostiralean, abuztuaren 13an, Donostiako Garbiketako langile batek galdu zuen bizia.

Guztira, 39 lagun zendu dira 2021ean euren lanpostuan.

Ostiral honetan, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du Lakuako Gobernuak Donostian duen egoitzaren parean. Bertan, `Prekaritateak hiltzen du, lan istripu gehiagorik ez´ lelodun pankartaren atzetik, Gema Pousa LABeko bozeramaileak adierazi du «aurtengo lehendabiziko zazpi hilabeteetan 21.520 langilek hartu dutela baja EAEn lan istripu bat sufritu dutelako. Joan den urtean baino 3.400 gehiago izan dira».

«Zein urrats egiteko prest zaudete?»

«Pertsona hauen atzean familiak, lagunak eta arduradunak» daudela azpimarratu du. Agertu duenez, ez dira kasu «isolatuak», «ekonomia langile klasearen osasunaren eta bizitzaren aurretik jartzen duen ekoizpen eredu baten isla» baizik.

Horregatik, administrazio publikoetako arduradunek neurririk ez hartzea kritikatu du eta galdetu die zein pauso hartzeko prest dauden «hiltzen duen» eredu hau «gelditzeko».