INFO
Interview
Mauxitxa
Elgoibarko txarangaren sortzailea

«Pena izugarria da bigarren urtez jo gabe egotea»

Iaz 50 urte bete zituen musika talde honek bizpahiru emanaldi besterik ez ditu eman urte eta erdian eta aurtengo San Bartolome jaietan etxean geratu beharko du, bigarren urtez. Hirugarrenean bai, «definitiboa» izatea espero dute.

«Mauxitxa» pertsonaia, txarangaren aurretik 2019ko jaietan.

Elgoibarko txaranga Jose Alberto Ansola «Mauxitxa»-k eta beste sei gazte elgoibartarrek osatu zuten 1970eko udan. Soraluzeko jaietan izan zuten lehen emanaldia eta hain ondo pasatu zuten, ezen taldeak atzera bueltarik ez duen izan. 50 urteko ospakizunekin hasi zirenean, «Mauxitxa» buruhandia ere estreinatu zuten. Gaur egun Alberto erretiratuta dago eta Lander Azpiazu tronpeta jotzailea da taldeko zuzendari musikala.

Nola daramazue aurtengo uda? Ekitaldiren bat emateko aukera izan duzue?

Oso gutxi. Pandemia iritsi baino lehen azkeneko aldiz 2020ko otsailean jo genuen, Elgoibarko inauterietan, eta geroztik ez dugu ia emanaldirik izan. Gainera, entseguak egiteko ezin genuen elkartu, eta zailtasun handiak izan ditugu. Iazko udan, gauza normaltzen ari zela ematen zuenean, Zarauzko San Pelaio jaietan kalejira bat egin genuen, eta aurten emanaldi bat egin dugu uztail hasieran Elgoibarko plazan, baina Mauxitxa Band formatu estatikoan, oholtza gainean. Jakinda aurten ez zela jairik izango, jaietako doinu batzuk jo genituen jendea animatzeko.

Egoera normaltasunera itzultzen den bitartean, formatu horrek balio dezakeela uste duzu?

Bai, posible da, baina guri kalean ibiltzea eta kalean giroa jartzea gustatzen zaigu.

Baina musika talde guztien artean, txarangak dira jotzeko zailtasun handienak dituztenak, beren inguruan jende asko pilatzen delako.

Bai, kontzienteak gara gure emanaldiek jende pilaketak eragiten dituztela, eta jakin badakigu gauzak hobetzen hasi arte geldirik egon beharko dugula.

Aurtengo San Bartolome jaietan, beraz, etxean geratu beharko duzue bigarren aldiz...

Bai, gainera gure taldea oso aktiboa da Elgoibarko San Bartolome jaietan. Sei egunetatik lau edo bost egunetan ateratzen gara, eta jendea zain egoten denez, aurten onena izango da ez ateratzea, jai giroa piztuko genukeelako.

Pena handia izango duzue ezin atera izateagatik.

Bai, pena izugarria. Lehen esan dizudan moduan, egun askotan ateratzen gara eta kuadrilla moduan ibiltzen gara, ordu asko pasatzen ditugulako elkarrekin dianak eta kalejirak jotzen, bazkariak eta afariak egiten... Iaz pentsatu genuen aurten posible izango zela eta begira, bigarren urtea atera gabe. Baina esaten den moduan, hirugarrena «definitiboa» izatea espero dugu.

Estimazio handia du Mauxitxa txarangak herrian, ez zituen alferrik 50 urte bete iaz. Ospatzeko aukerarik izan duzue?

1970eko jaietako Txiki Egunean egin genuen lehen aktuazioa San Bartolome jaietan eta harrezkero ez dugu hutsik egin. 2019ko jaietako Txiki Egunean suertea izan genuen 50. emanaldia egin ahal izan genuelako, eta egia esan, oso egun polita izan zen, txarangaren bizitzan parte hartu duten kide guztiak –80 baino gehiago– elkartu ginelako kalejira bat egiteko. Horren ondoren, 2019ko Gabonetan, egun horri buruzko dokumentala egin genuen, Youtuben ikusi daitekeena, eta 2020. urtean hainbat ekitaldi egitea pentsatu genuen, baina dena bertan behera geratu zen. Ikusiko dugu aurrerantzean berreskuratzerik izango den.

Azkenik, azalduko al zenidake nondik datorren «Mauxitxa» izena?

Bai, hasiera hartan txarangaren zuzendari bezala hasi nintzen eta niri, familiatik, «Mauxitxa» deitzen zidatenez, izen hori jartzea pentsatu genuen eta horrela jarraitzen du 50 urte geroago. Hori bai, Elgoibarren bada baserri ezagun bat Mausitxa deitzen dena, eta bereizteko gurea «x»-rekin idazten dugu.