INFO
Interview
Ruben Garcia
Lehen Arretako pediatra

«Bularra uzteko bi une daude: lehen hilabetea eta lanera buelta»

EAEko Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkarteko presidentea da Ruben Garcia. 22 urte daramatza pediatra moduan lanean. 15 eta 9 urteko bi seme-alabaren aita da. Amaren esnea eta ordezkoak parekatu izan diren arren, osasunaren ikuspuntutik ez direla gauza bera azpimarratu du.


Zein iritzi duzu amatasun eta aitatasun baimena sei hilabetera luzatzeaz?
Edoskitzea erraztearen aldeko neurria den heinean onuragarria da. Argi eta garbi. Edoskitzea uzteko bi une nagusi izaten dira: bat lehenengo hilabetean, zailtasunak daudelako, minak gehienetan. Ez badugu hori bideratzen guztiz naturala da uztea. Bigarren une nagusia lanera itzultzean izaten da. Beraz, etxean egoteko aukera luzatzea onuragarria izan daiteke. Lankide batek honako gogoeta egin du, ordea: zein izango da enpresen erantzuna? Bi aldiz pentsatuko dute ama izateko adinean dauden emakumeak kontratatzeko?

Zein egoera ikusten dituzu kontsultan haurrak lau hilabete bete eta amak lanera itzuli behar duenean?
Umearen eta bereziki ama bakoitzaren arabera izaten da. Batzuek penaz uzten dute aitite-amamekin edo haurtzaindegian. Beste batzuentzat, neurri batean, liberazio puntu bat da.

Zein gomendio ematen duzu profesional gisa?
Aukerak eskaintzen saiatzen naiz, azken erabakia ama edo gurasoena dela jakinda. Orain urte batzuk ama bat etorri zen sei bat hilabeteko umearekin, eta bere lehen esaldia honakoa izan zen: «Bularra utzi behar dudala esan didate». Utzi behar? «Bai, lanean hasi naiz, bulegoak garbitzen, ordutegi arraroarekin, goizeko bostetatik eguerdira bitartean. Tarte horretan biberoia eman beharko zaio. Bazkaritan barazkia tokatzen da, meriendan fruta, eta bularra afalorduan bakarrik emateko ez du merezi». Esan nion esnea atera zezakeela, edo bera etxean ez zegoen tartean janaria emateko aprobetxatu, eta itzultzean titia eman. Begiak zabaldu zituen: «Hori egin daiteke?». Edoskitzea mantendu daiteke nahiz eta bularra egunean 8-12 aldiz ez eskaini. Ardura handia dugu profesionalok mezuak nola zabaltzen ditugun. Batzuetan ez gara konturatzen ez soilik zer esaten dugun, baita nola ere. Erizain eta pediatrok konfiantza sortu behar dugu gurasoek izan ditzaketen trabak aske planteatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa da sei hilabetez edoskitze esklusiboa egitea, eta bi urte edo gehiagoz jarraitzea, umeak eta amak nahi izan arte.
Amaren esnea eta ordezkoak parekatu izan ditugu, baina osasunaren ikuspuntutik ez dira gauza bera. Batzuek diote osasun profesionalok gure jarrerak birplanteatu behar ditugula: ezin diogu ama bati esan bularraren ordezko bat emateko beste edozein botika ematen dugun bezala. Hori ez da naturak prest daukana. Osasunaren ikuspuntutik edoskitzea bultzatu behar da, umearentzat eta amarentzat onura ugari dituelako. Ama askok garbi dute utzi nahi dutela eta ez dira esatera ausartzen erruduntasun sentimendurik gabe. Horretan zer ikasi handia dugu profesionalok.

Zer neurri hartu behar dira familien ongizatearen alde?
Gurasoak etxean egoten laguntzen duen edozein neurri litzateke ona, haurra autonomoa ez den bitartean, bidaiderik onenak liratekeelako. Lanean badaude, zein arduratuko da? Haurtzaindegira eraman dezakezu, baina gaixotzen bada?

Aitatxi-amatxiekin.
Kontua da zer-nolako aitona-amonak nahi ditugun, eta galdetzen diegun edo ez. Ez da gauza bera astean behin ikustea eta astelehenetik ostiralera 07.30etik 18.00ak arte arduratzea. Gaizki-ulertu batzuk sor daitezke, aitite-amama modura jokatu nahi dutelako baina rola gurasoena delako. Hauek esan dezakete: «Ez duzue nik nahi dudana egiten».