INFO

Antiguako Pilota Txapelketaren finalerdiak definituko dira aste honetan

Astearte eta azteazken honetan Antiguako Pilota Txapelketaren ligaxkako partidak jokatu eta finalerdiak definituko dira. Antiguako pilotalekuan ospatuko diren jaialdietan promesen eta eliteen partida bana izango dira.

2018ko Antiguako Pilota Txapelketako finalek utzitako irudi bat. (Jon URBE/FOKU)

Iazko edizioak izan zituen traba guztien gainetik, aurtengo Antiguako Pilota Txapelketa aurrera dihardu arazorik gabe eta astearte eta asteazken honetan definituko dira 2021ko finalerdiak.

Donostiako Antiguako pilotalekuan ospatuko diren jaialdietan promesen eta eliteen partida bana izango dira, astelehen honetan Kirolzalek prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Pilota partidak 19.00etan hasiko dira. Asteartean, abuztuaren 24an, De La Fuente-Iztueta bikotea Fernandez-Ibarloza bikotearen aurka arituko da promesen partidan. Ondoren, eliteen txanda izango da: Murua-Aldave Exposito-Irazustabarrena bikotearen aurka arituko da.

Azkenik, asteazkenean, abuztuaren 25ean, Igoa-Ugartemendia bikoteak Olaetxea-Garañorekin neurtuko ditu indarrak. Asteko programazioa ixteko, eliteko norgehiagoka izango da protagonista: Canabal-Altuzarra Julen Alberdi-Odriozola bikotearen aurka. Partida hauek jokatu eta gero, hurrengo astean izango diren finalerdiak erabakiko dira.

Gogoratu behar da iazko edizioa, maiatza aldean, bertan behera geratzeko oso gertu egon zela, covid-19ak sortutako pandemiagatik, alegia. Gainera, finalerako ez ziren sarrerak salmentan jarri, egun hartarako euriteak eta ekaitza iragarrita baitzeuden.