INFO

Berlangaren eta Fernan-Gomezen mendeurrenak ospatuko ditu Zinemaldiaren Klasikoak Sailak

‘Esa pareja feliz’, ‘La muerte y el leñador’ eta ‘Manicomio’ lanekin batera, Coppolaren ‘The Rain People’ eta ‘The Outsiders: The Complete Novel’ bertsio zaharberrituak eta ‘Ça commence aujourd'hui’ (Tavernierren omenez) filmaren emanaldia ere bilduko ditu Donostia Zinemaldiaren Klasikoak Sailak.

Berlangak errealizadore gisa egindako debuta da «Esa pareja feliz» (1951), Juan Antonio Bardemekin batera idatzi eta zuzendutakoa. (DONOSTIA ZINEMALDIA)

Iaz pandemiagatik egin ez zen Donostia Zinemaldiaren Klasikoak Saila sei filmekin itzuliko da, 2019an baino hiru gehiagorekin. Luis Garcia Berlanga, Juan Antonio Bardem, Fernando Fernan-Gomez, Luis Maria Delgado, Francis Ford Coppola eta Bertrand Tavernierrek zuzendutako pelikulak dira.

Espainiako Filmategiak Garcia Berlangaren eta Fernan-Gomezen mendeurrenak ospatzeko lanak digitalizatu eta zaharberritu ditu.

«Esa pareja feliz»

Luis Garcia Berlanga jaio zeneko mendeurrenean, Klasikoak Sailak ‘Esa pareja feliz’ (1951) berreskuratuko du, Berlangak errealizadore gisa egindako debuta, Juan Antonio Bardemekin batera idatzi eta zuzendutakoa. Fernando Fernan-Gomez eta Elvira Quintilla antzezleek Madrilgo bi senar-emazte umilen papera egiten dute film horretan. Xaboi-marka batek babestutako lehiaketa baten irabazle suertatzen direnean, ongizate-ametsak egiazko bihurtzen zaizkie, edo hala dirudi, behintzat.

Aurretiko emanaldi gisa, Berlangaren saioak ’La muerte y el leñador’ (1962) film laburra eskainiko du, La Fontaineren istorioetan oinarritutako ‘Las cuatro verdades’ film kolektiboaren hirugarren zatia. Valentziako errealizadoreak bere filmografiako istoriorik esperpentikoenetakotzat hartzen zuen pasarte hori. Rafael Azcona adiskide kutunarekin batera idatzi zuen istorio hori, dokumentazioa indarrean ez duelako biradera konfiskatzen dioten organo-jole bati buruzkoa.

«Manicomio»

Klasikoak Sailak beste obra bat ere erakutsiko du, ‘Manicomio’ (1953), Poe, Kuprin, Andreiev eta Gómez de la Sernaren lau istorioren moldaera, Fernando Fernan-Gomezek Luis Miguel Delgadorekin batera zuzendua. 2021an Fernan-Gomez jaio zeneko mendeurrena izango dela ospatuko du horrela.

Psikiatriko batean girotutako satira horren protagonista Fernan-Gomez bera da, eta Elvira Quintilla, Susana Canales, Julio Peña eta Maria Asquerino aktoreak ere agertzen dira.

Halaber, Francis Ford Coppolaren ibilbidearen hasierako bi film luze eskainiko dira American Zoetrope estudioek zaharberritutako bertsioetan. Batetik, ‘The Rain People’ (1969) erakutsiko da, errealizadore italiar-amerikarrak Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi eta Estatu Batuetan hain tipikoa den road movie generoari bide berriak ireki zizkion filma, hain zuzen. Shirley Knight, James Caan eta Robert Duvall antzezleek egin zuten lan filmean, zuzendariak bakarka idatzi eta zuzendutako lehenengoan.

«The Outsiders: The Complete Novel»

Coppolaren ‒2002an 50. urteurreneko Donostia Saria irabazi zuen zinemagilearen‒ beste filma ‘The Outsiders: The Complete Novel’ da, ‘The Outsiders’ (1983) filmaren ‒Susan E. Hintonek idatzitako gazteentzako eleberri ikonikoan oinarritutakoaren‒ moldaketa. 2005ean, zuzendariak 22 minutuko metrajea txertatu zion filmari, eta hala liburuari leialagoak zaizkion hasiera eta amaiera berriak eman zizkion, bere garaian C. Thomas Howell, Matt Dillon, Ralph Macchio, Patrick Swayze, Rob Lowe, Diane Lane, Emilio Estevez eta Tom Cruise aktoreek antzeztutako pertsonaiak aberasteaz gain.

Gainera, 60ko hamarkadan Oklahomako bi nerabe talderen artean jazotzen den klase borroka bat kontatzen zigun filmaren muntaketa berriak rock and rolleko soinu banda berri zirraragarri bat du, Elvis Presleyren eta beste musikari paregabe batzuen sei abestirekin.

Tavernierri omenaldia

Donostia Zinemaldiak Klasikoak Saila baliatuko du gehien maite dituen zinemagileetako bati, Bertrand Tavernierri, omenaldia egiteko, eta ‘Ça commence aujourd'hui’ (1999) proiektatuko da, hezkuntzaren munduari buruzko begirada hunkigarria, Perlak sailean parte hartu eta Donostian Publikoaren Saria lortu zuena.

Thierry Fremaux-ek ‒Cannesko zinema jaialdiko eta Lyongo Lumière jaialdiko zuzendari eta Tavernierren borondate beterazleak‒ aurkeztuko du saioa. Zuzendariak, aurtengo martxoan hil zenak, hiru aldiz hartu zuen parte Zinemaldiko Sail Ofizialean, film hauekin: ‘Coup de Torchon’ (1982); ‘Capitaine Conan’ (1966), Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuena, eta ‘Quai d’Orsay’ (2013), gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eta Fipresci Saria lortu zituena.

1999an atzerabegirako propio bat eskaini zion Zinemaldiak, eta horrez gain, Epaimahai Ofizialeko buru gisa ere parte hartu zuen Zinemaldian urte horretan. Halaber, maisu frantziarrak Perlak sailean parte hartu zuen ‘Laissez-Passer’(2002) eta ‘Holy Lola’ (2005) filmekin. ‘Voyage à Travers le cinéma français / A Journey Through French Cinema’ (2016) filmarekin ‒Zabaltegi-Tabakalera saila inauguratu zuen lanarekin‒ parte hartu zuen azkenekoz.

«Loreak infernuan»

Bestalde, ‘Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa’ atzerabegirakoak hiru film bilduko ditu, azkenean arazo teknikoak direla-eta programatuko ez diren beste hainbeste ordezkatuz. ‘Ma-ui gyedan / The Devil’s Stairway’ (1964), ‘Gwiro / Homebound’ (1967) eta ‘Hyu-il / A Day Off’ (1968) filmen ordez (hirurak Lee Man-Heek zuzenduak), zikloak oinarri sozialeko hiru drama emango ditu: ‘Lomaenseuppappa / Romantic Papa’ (Shin Sang-ok, 1960); ‘Mabu / A Coachman’ (Kang Dae-jin, 1961); eta ‘Yeopansa / A Woman Judge’ (Hong Eun-won, 1962), Koreako zinemaren historian emakume batek zuzendutako lehenengo filmetako bat, hain zuzen.

‘Loreak infernuan’ atzerabegirakoak askotariko lanak bildu ditu bere programan. Lehenik, ‘Hanyeo / The Housemaid’ (1960), garaiko pelikula enblematikoenetako bat eta Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; bigarrenik, gerra osteko Hego Koreako bizitzaren kronika gogor eta errealistak, hala nola ‘Ji-okhwa / The Flower in Hell’ (1958) eta ‘Obaltan / Aimless Bullet’ (1961); eta, hirugarrenik, melodramaren klasikoak, adibidez, ‘Angae / Mist’ (1967).

‘Film noirreko’ lanak ere jasoko dira zikloan, esaterako, ‘Geom-eun meori / Black Hair’ (1964), baita gazteentzako zinema ere, ‘Maenbal-ui cheongchun / The Barefooted Young’ (1964) filmarekin. Azkenik, ‘Dumangang-a jal itgeora / Farewell Duman River’ (1962) pelikula emango da, Manchuria westerneko lan bat.

Donostia Zinemaldiak eta Espainiako Filmategiak 50eko eta 60ko hamarkadetako hamar filmen atzerabegirakoa antolatu dute Euskadiko Filmategiarekin eta Centro Cultural Coreano en España erakundearekin elkarlanean. Ziklo hori, 2020an pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zena, Zinemaldiak eta Espainiako Filmategiak argitaratutako liburu monografiko batekin osatuko da.