INFO

IDK Euskotren berriak bere nortasuna aurkitu behar du denboraldi-aurrean

Iaztik hona zortzi jokalari berri izango ditu talde donostiarrak eta erreferente berriak aurkitu beharko ditu Emakumeen Endesa Ligari ekin aurretik. Horrez gain, denboraldi hasiera oso zaila dauka, Valentzian hasiko delako eta etxeko lehenengo partida Perfumerias Avenidaren aurka izango baita.

IDK Euskotreneko jokalarien lantalde berria, entrenamendu aurreko beroketa ariketak egiten. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Iaztik hona zortzi jokalari berri ditu IDK Euskotren saskibaloi taldeak. Ane Esnal eta Marian Coulibalyk bakarrik jarraitzen dute joan den denboralditik hoan, eta hala, denboraldi-aurrea hasi berritan, donostiarrek aurkezpen eguna izan dute ostegun honetan.

Uneotan zortzi jokalarirekin hasi da taldean talde gipuzkoarra: Ane Esnal, Yurena Díaz, Maria España, Cristina Soriano, Joy Adams, Stephanie Madden, Laura Cornelius eta Andrijana Cvitkovic dagoeneko lanean ari dira Ordizia Saskibaloia taldetik etorrita laguntza ematen ari diren Arene Etxeberria eta Elene Sarasolaz gain.Alex Harden hegalekoa ostiralean iritsiko da Donostiara.

Denboraldi hasiera zaila izango dute donostiarrek, Valentzia Basketen etxean hasiko baitute Emakumeen Endesa Liga eta Perfumerias Avenida txapelduna izango baita Josean Gasca pabilioira bisitan etorriko den aurreneko aurkaria. «Ez digu grazia handiegirik egiten, baina aintzat hartu behar dugu inoiz liga amaieran ere tokatu zaigula eta hori ere kalterako izan dela. Hala onartu behar», adierazi du Azu Muguruza entrenatzaileak.

IDK Euskotrenen taldera biltzen azkena Coulibaly izango da. Izan ere Maliko jokalaria irailaren 17tik 26ra bitartean jokatuko den Afrobasketa ari da prestatzen bere selekzioarekin. Hala, Azu Muguruzak «Ligako aurreneko partida bietan» ez dela egongo onartu du. Hala ere, ez da besterik etorriko bere ordez. «Jokalari berririk ekarriz gero, sistemetara ohitzen hasten denerako, Marian –Coulibaly– bertan egongo da; ez du pena merezi», adierazi du Azu Muguruzak horren harira.

«Talde orekatua»

Iaztik hona harrobiko Maria Eraunzetamurgil eta Lara Gonzalez jokalariak, Antonia Delaere belgiarra eta Toch Sarr –saskibaloia laga du Senegaldarrak– galdu ditu IDK Euskotrenek eta ondorioz, erreferente berriak bilatu beharko ditu Azu Muguruzak eta bere lantaldeak.

«Nik uste talde orekatua osatu dugula. Jokalarien profesionaltasuna aintzat hartzeko modukoa ari da izaten. Taldeak oraindik ez daki zer egiteko gauza izango den, baina gustatuko litzaidake Kopa eta play-offetara sailkatuko bagina», gaineratu du entrenatzaile donostiarrak.

Erasoko jokoari begira, urruneko jaurtiketaren aldeko apostua bilatu omen du IDK Euskotrenek. «Aurreko urteetan ez genuen kanpoko jaurtiketetarako erreferenterik aurkitzen, baina nik uste oraingoan bai asmatu dugula zentzu horretan. Horrek erasoko jokoa erraztuko digulakoan nago», azpimarratu du Muguruzak.

Yurena Diaz izan liteke kanpoko jaurtiketan laguntza eskaini lezakeen jokalarietako bat. Antolatzaile kanariarra pozarren azaldu da hedabideen aurrera. «Hiru entrenamendu egin ditugu orain arte, baina dagoeneko bistan da posizio guztietan jende ona daukagula. Nire aldetik eskarmentua eta taldeari poz apur bat eskaitzen saiatuko naiz», adierazi du.

Horrenbeste aldaketa eginda, «mundua guztiarentzat arraro xamarra» izaten ari dela hasiera berri hau onartu du Diazek. «Dena dago egiteko, baina jendearen lana ona izaten ari dela ikusitakoan horrek ilusioa ere pizteko balio du», gaineratu du.