INFO

Alkateak etsaitzat hartzeak iraganeko kontua beharko lukeela diote Bilboko Konpartsek

Ehunka bilbotarrek hartu zuten parte larunbat honetan Bilboko Udalak 'Bilboko Irria' ekimenaren egitarauari egindako mozketak salatzeko 'Irrien Lapurrak' ekitaldian. Konpartsak etsaitzat hartu eta karikaturizatzeko estrategiak iraganeko kontuak izan behar dira, Bilboko Konpartsen arabera.

Euskal-dantzak larunbat honetako 'Bilboko Irria'ren ekitaldian. (BILBOKO KONPARTSAK)

Bilboko Areatzako kaian, kolore eta musika artean bildu ziren larunbat honetan ehunka bilbotar 'Bilboko Irria' ekimenari babesa emateko 'Irrien Lapurrak' ekitaldian; bertan egin zioten aterpe «aburtismoak» debekatutako hainbat kultur-adierazpeni.

Hala, Maite Sarasola Isazelaia eta Maddi Askaiturrieta Diaz inprobisatzaileen bidez, bertsolaritza izan zen 'Bilboko Irria'n; Elena Caballero Villanueva, La Basuk musikaren rap-doinuak ekarri zituen; eta Bilboko dantza-taldeetako zenbait kidek elkarlanean josi zuten hainbat euskal-dantzen alardea. Horrela, erantzuna eman zioten udal agintariek «azken orduan emandako artazi kolpeekin inausitako egitarau meheari, berez aurretik jada murritza zen udalarekin adostutako egitaraua are gehiago flakatu zuena».

Carmen Gutierrez Aira eta Haizea Larrosa Regil bozeramaileek gogorarazi zutenez, joera hori abiatu zuen Castañares alkateak 1980an, Jai Batzorde Herrikoia eta Aste Nagusia baztertu, eta «marra gorri denak gaindituz» Bilboko Jaiak izeneko ekimena antolatzen saiatu zenean, «herritarron inolako partehartzerik gabe».

«Udal-erregimen berria»

Konpartsen ustean, «pandemia urte triste hauetan», «azkunismoak» bidea eman dio «aburtismo» erregimenari, debeku ziklo berri baten bidez. Horren aurrean, konpartsek aldarrikatu zuten alkatea ez bezala, haiek ez daudela prest haserre bizitzeko, jaia antolatu eta egiteko baizik. Horregatik, «bestelako jarrera batzuk» eskatu zizkieten udal agintariei, datozen 40 urteotarako: «Konpartsak etsaitzat hartu eta karikaturizatzeko estrategiak kalte handia ekarri zuen Azkunaren garaian», eta horiek, konpartsen aburuz, «iraganeko kontuak izan behar dira, ez errepikatzekoak».

Modu berean, konpartsek oroitu zuten elkarlana ez dela erraza, baina 1978tik hona horretaz asko ikasi dutela ohartarazi zuten: «Lantaldea osatzen dugu, askotarikoa eta kolore anitzekoa, elkar ulertzeko gogoz eta jarduerak proposatu eta gauzatzeko asmo sendoarekin. Amaierarik gabeko eta irabazi-asmorik gabeko lana. Gogoa festan eta eraikuntza sozialean irabaztea da, hori da gure motibazio nagusia eta hainbeste lan boluntarioak beti azken saldo positiboa izatearen arrazoia». Eredu horretan proba egiteko gonbita luzatu zioten Udalari.