Jakak ez zuen Mastersa esku hutsik utzi nahi eta play offera bidali ditu Altuna-Aranguren
Elgetan, maldan gora zuten partida bati buelta emanda –11-18 ere joan dira galtzen–, Laso-Albisuk 22-21 irabazi diete orain arte partidarik galdu gabe ziren Peña-Rezustari eta Elezkano-Mariezkurrenaren aurka jokatu beharko dute finalerdietan egoteko kanporaketa.
Sailkapenean inolako aukerarik gabe ziren arren, helburu zehatz eta jakin batekin heldu da Erik Jaka Leitzako Amazabal pilotalekura; Baikoko elastikoarekin bere lehen garaipena nahi zuen lizartzarrak, bikoteak Masters honetan gaur arte lortutako puntu bakarra lehen jardunaldian lortua baitzuten, Laso Tolosaren aurrelari zela. Lehen pilotakadatik nabarmena izan da grina hori, 2020ko buruz buruko txapeldunak egindako lau tanto ikaragarrirekin hasi da partida –denera 12 lortu ditu erakustaldia emanda, Arangurenek ere ez du asmatu pilotak kentzen– eta hasiera horretan lortutako abantaila horri (1-6 eta 1-8) nola edo hala eutsiz, euren helburua lortu dute Jakak eta anoetarrak. Azken uneko garaipen (17-22) honek ez die sailkapeneko azken postutik ihes egiteko balio izan, baina albo kalte nabarmen bat utzi du, Altuna-Arangurenek hirugarren amaitu baitute eta play offa jokatu beharko dute hurrengo asteburuan seigarren amaitu duten Urrutikoetxea-Martijaren aurka.
Elgetan, oso maldan gora jarri zaien partida bati buelta emanda (11-19 ere joan dira galtzen), Laso-Albisu orain arte partidarik galdu gabe ziren Peña-Rezustari gailendu zaizkie 22-21 eta laugarren postuan amaitu dute. Albisu ere hobeto aritu den arren, buelta izugarri horretako protagonista Unai Laso izan da, azkenerako 15 tanto ere amaitu baititu, horietako 10 airez. Gauzak horrela, hurrengo asterako osatzen bada, Peio Etxeberria eta Albisuk Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute finalerdietan egoteko kanporaketa.
Altunak ez du Los Arcosen jokatuko
Uneren batzuetan partida iraultzeko zorian egon badira ere, astebeteko atsedenaldiaren ostean kantxetara itzuli den Jokin Altuna ezinean aritu da partidako unerik gehienetan Leitzan, gainera nahikoa haserretuta amaitu du eta telebistarekin hitzik egin nahi izan ez badu, bihar Los Arcosen iragarrita zuen partidan ez da arituko, esku hori nahi bezala ez duenaren seinale. Bere aurka aritu behar zuen Oinatz Bengoetxeak ere, hiru kolpe gogor hartuta, nahiko minduta amaitu du Leitzako lehen partida eta astelehenekoari uko egin dio.
FITXA TEKNIKOAK:
Altuna III.a-Aranguren: 17
Jaka-Tolosa: 22
Pilotakadak: 476. Iraupena: 61,34 minutu. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-8, 2-8, 2-9, 3-9, 3-10, 4-10, 4-12, 6-12, 6-14, 9-14, 9-15, 12-15, 12-17, 16-17, 16-20, 17-20, 17-22. Sakeak: Ez da egon. Tantoak: 8 Altuna III.ak, 1 Arangurenek, 12 Jakak eta 3 Tolosak. Hutsak: 3 Altuna III.ak, 4 Arangurenek, 3 Jakak eta 4 Tolosak. Gorabeherak: Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatutako partida.
Laso-Albisu: 22
Peña-Rezusta: 21
Pilotakadak: 441. Iraupena: 60 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-5, 5-5, 5-6, 6-6, 7-7, 8-8, 8-12, 9-16, 10-16, 10-17, 11-17, 11-19, 16-19, 17-20, 17-21, 22-21. Sakeak: 4 Peña II.ak. Tantoak: 15 Lasok, 1 Albisuk, 4 Peña II.ak eta 1 Rezustak. Hutsak: 8 Lasok, 3 Albisuk, 5 Peña II.ak eta 2 Rezustak. Gorabeherak: Elgetako pilotalekuan jokatutako partida.