INFO

Zinemaldiak ‘El ventre del mar’ eta ‘Ama’ berreskuratuko ditu Made in Spain sailean

Zinemaldiko Made in Spain sailak Agustí Villarongaren ‘El ventre del mar’, Júlia de Pazen ‘Ama’, Ainhoa Rodriguezen ‘Destello bravío’ eta Goya sarietan film dokumental onenaren saria jaso zuen Luis López Carrascoren ‘El año del descubrimiento’ film borrokalariak berreskuratuko ditu, besteak beste.

Amatasunaren inguruko film borrokalaria da «Ama». (NAIZ)

Made in Spain Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorrak, Estatu espainiarrean urtean filmatutako zenbait film  biltzen dituenak, Cannesko, Rotterdameko, Málagako eta Gijóngo jaialdietatik (besteak beste) igarotako zortzi filmez osatutako hautaketa bat hartuko du. Zinemaldia irailaren 17tik 25era burutuko da.

Agustí Villaronga hiru aldiz lehiatu da Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean: ‘Aro Tolbukhin: en la mente del asesino / Aro Tolbukhin: In The Mind of a Killer’ (2002), ‘Pa negre / Black Bread’ (Zilarrezko Maskorra Nora Navasen interpretaziorako, 2010) eta ‘El rey de la Habana / The King Of Havana’ (Zilarrezko Maskorra Yordanka Ariosa aktorearentzat, 2015). Villarongaren azken filma, ‘El ventre del mar / The Belly of the Sea’, Europako Zinema Akademiako sarietarako aurretiko hautaketan sartu berri dute eta film onenaren Urrezko Biznaga ez ezik, zuzendari, gidoi, gizonezko interpretazio, musika eta argazki onenen Zilarrezko Biznagak ere irabazi ditu Malagan.

Ainhoa Rodríguezen lehen film luzea, ‘Destello Bravío’, Rotterdamgo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Epaimahaiaren Sari Berezia Zilarrezko Biznaga eta muntaketa onenaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zituen Malagan. Landa-herri txiki batean errutinaren aurka matxinatzen diren emakume talde bati buruzkoa da filma.

‘Ama’ Júlia de Pazen bigarren pelikula da, bakarka zuzendu duen lehena, eta Donostia Zinemaldian bigarrenez izango da, jada etorri baitzen ‘La filla d'algu’ (Made in Spain 2019) film kolektiboarekin. ‘Ama’ Málagako Sail Ofizialean lehiatu zen eta Tamara Casellasek, filmaren protagonistak, Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen bertan.

Halaber, Ezekiel Montesen lehen lana (‘Hombre muerto no sabe vivir’) ere Malagako Sail Ofizialetik dator. Antonio Dechent da thriller honen protagonista; bizitza osoan lan egin dueneko eraikuntza-enpresan jazotzen ari den belaunaldi-aldaketaren lekuko izango den gizon bati buruzkoa da filma, eta indarkeria- eta kriminalitate-testuinguru batean gertatzen da.

Malagako zinema-jaialdiko Sail Ofizial Dokumentalean ‘Sedimentos / Sediments ’hautatu zuten, Adrián Silvestrek zuzendutako bigarren filma, Tesalonikako jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. ‘Sedimentosen’ sei emakume transi jarraituko diegu, Leóngo herri txiki batera bidaiatzen duten bitartean.

Halaber, Cannesko jaialdiaren aurreko edizioan Cannes Classics sailean programatutako ez-fikziozko filma ‒Luis Buñueli buruzkoa‒ emango da sailean. ‘Buñuel, un cineasta surrealista / Buñuel, a Surrealist Filmmaker’ filmean, zuzendari aragoiarra artearen munduarekin lotu du Javier Espadak, zinemagilearen haurtzaro eta gaztaroak bere filmetan izan zuen eragina nabarmenduta eta artistak munduari buruz zuen ikuspegia, zalantzak eta obsesioak biltzen zituzten filmak zuzentzen zituela islatuta. Emanaldia Buñueli ohorezko Urrezko Maskorra eman zioteneko 44. urteurrenean egingo da.

‘Un blues per a Teheran / Tehran Blue’ Javier Tolentino kazetari, idazle eta zinema-kritikariaren lehen lana da. Gijóngo nazioarteko zinema-jaialdiari amaiera eman zion filmak Iranen deskribapena egiten digu, herrialde hartako tradizioaren eta modernitatearen arteko dialektika irudikatuta, zinema-zuzendari izan nahi duen poeta kurdu gazte baten bitartez.

Film dokumental onenaren eta muntaketa onenaren Goya sariak irabazi zituen film bat ere jasoko du sailak, Luis López Carrascoren ‘El año del descubrimiento / The year of the Discovery’, Rotterdamen estreinatu eta beste zinema-jaialdi batzuetatik igaro ostean. López Carrascok Cartagenako taberna batean kokatu du bere kamera, 1992an estatuan bizi zen euforiaren kontakizun alternatibo bat egiteko.