Peio Etxeberria eta Julen Martija finalerdietarako kanporaketarako prest dira
Zenotzekoak, Albisuk lagunduta, Elezkano-Mariezkurrenaren aurka jokatu beharko du larunbatean Zierbenan eta Urrutikoetxeak eta Etxeberrikoak Altuna III.a-Aranguren izango dituzte arerio igandean Zumaian.
Zazpi asteren ostean, udako Mastersa bete betean sartu da bere unerik erabakigarrienean eta asteburu honetan argituko dira finalerdiak zeintzuk jokatuko dituzten. Momentuz, Peña II.a-Rezusta eta Olaizola II.a-Zabaleta dira lehen bi txartelak zuzenean eskuratu dituzten bi bikoteak eta beste biak Zierbena eta Zumaian jokatuko diren kanporaketetatik irtengo dira. Azken asteetan arazo desberdinak direla medio kantxetatik at egon ostean, Peio Etxeberria eta Julen Martija prest dira partida erabakigarri horiek jokatzeko.
Zenotzeko aurrelariak abuztuaren zazpian hartu zuen min ezker sorbaldan, Zarautzen, Urrutikoetxea-Martijaren aurka jokatzen ari zela (12-8 galtzen ari zirela utzi behar izan zuen partida) kolpe bat hartuta. Unai Lasok bete du ordutik bere lekua eta hilabete geroago Zierbenan itzuliko da nafarra, Elezkano-Marizekurrenaren aurka exijentzia handiko neurketa batean eta, erabat osatuta egon arren, erritmo falta izan daiteke bere zalantzarik handienetako bat.
Julen Martijak, bere aldetik, azken bi asteak eman ditu partidarik jokatu gabe, eskuin eskua justu xamar zuelako, baina aste honetan normal entrenatzea espero du eta igandean Zumaian jokatzeko moduan egotea espero du. Azken bi asteetan Iñigo Bikuñak hartu du bere lekua Urrutikoetxearen atzelari gisa, baina Altuna III.a-Arangurenen aurka Etxeberrikoa ariko da berriz.
Irribarriaren itzulera
Baina Mastersaz harago, Iker Irribarriaren kantxetarako itzulera izango aste bukaera honetako berririk garrantzitsuenetako bat. Martxoaren 11an eskuin belauneko ebakuntza egin ziotenetik izan da aramarra kantxetatik at eta ostiral honetan itzuliko da Gautegiz-Arteagan. Rezusta atzelari duela, Bengoetxea VI.a-Albisuren aurka arituko da goierritarra.
Bi heriotza
Gainontzean, pilota munduak bi heriotzen berri izan du azken orduetan. Alde batetik Felipe Lejarazu Olaortua elorrioarra hil berri da, 88 urte zituela. 1960. urteko bigarren mailako Buruz Burukoa izan zen bizkaitarra. Bestalde, Aspe-k jakinarazi duenez, 1999. urtean Eibarko enpresarekin profesionaletara jauzia eman zuen Cristobal Gastesi donostiarra ere zendu da, 44 urte besterik ez zituela.