INFO

«Samira Surfs»: Errefuxiatu baten istorioa

Rukhsanna Guidroz idazleak eta Fahmida Azim marrazkilariak «Samira Surfs» liburua argitaratu dute. Bertsoekin eta marrazkiekin, Bangladeshera ihes egin duen rohingya etniako neskato baten istorioa kontatzen dute, Cox’s Bazar hondartzan surf egiten duten nesken egiazko historiak oinarri hartuta.

Surflari batCox bazar hondartzan. (FAHMIDA-AZIM.COM)

“Samira Surfs” nobela ilustratu bat da, bertso eta olerki bidez idatzia, eta marrazkiekin ilustratua. Rukhsanna Guidroz idazleak, Bangladeshko rohingya errefuxiatu musulmanen egoera latza oinarri hartuta, surfean bake apur bat aurkitzen duen neskato gazte baten istorioa kontatzen du. Cox’s Bazar Surf elkartearen bidez lortzen du Samirak olatuekin harremanetan hastea eta lehen olatua hartzen duen unetik bizia aldatzen zaio bizi-baldintza zailak dituen 11 urteko neskatoari.

Samira da pertsonaia nagusia eta egiazko istorio batean oinarritzen da kontakizuna. Hain zuzen ere, Bangladeshen surf egiten hasi zen neska talde bateko edozein kide izan zitekeen, guztiek egin behar izan baitzioten aurre rohingya etniako kide izateaz gain, emakumeek lurralde hartan surf egiteko dituzten mota guztietako zailtasunei. Gainera, rohingya etniako kideak musulmanak dira eta horien artean ere ez dago ongi ikusia neskek surf egitea.

Rashed Alam izan zen Bangladesheko haurrei surf egiten irakasten hasi zen lehen surflaria. 2012. urtean, diru apur bat irabazteko hondartzan hainbat produktu saltzen aritzen zen haur talde bat bildu zuen eta surfa irakasten hasi zen. Gaur egun, lekuko jende askok horien kontrako jarrera izaten jarraitzen duen arren, 55 kidez osatutako surf elkarte bat osatzen dute eta ezagunak bilakatu dira, mundu osoko hedabideetan argitaratu baitituzte haien bizi esperientzietan oinarritutako erreportajeak.

Bertsoak eta marrazkiak

Rukhsanna Guidroz eta Fahmida Azim dira liburu ilustratuaren egileak. Lehenak olerki bidez liburuaren kontakizuna osatu du, ingelesez, eta bigarrenak marrazkiak egin ditu. Horrela, bertsoekin eta marrazkiekin surf egitearekin amesten duen errefuxiatu gazte baten bizipenak kontatu dituzte.

Guidrozek badu esperientzia surfean eta horri esker historia sinesgarriagoa egiten duten azalpenak eman ahal izan ditu, detaile txikien bitartez gaiaren ezagutza agerian uzten baitu. Gainera, idazleak ez du hasiberri baten azalean jartzeko arazo handirik izan, bera ere duela urte gutxi batzuk hasi baitzen surfean. Manchesterren (Ingalaterran) jaio zen Guidroz, baina bere aita erdi persiarra erdi indiarra da, eta ama, berriz, txinatarra. Hong Kongen kazetari lanean aritu ostean Hawaiira bidaiatu zuen eta han hasi zen surf egiten. Gaur egun han bizi da idazle ezaguna, zehazki Maui uhartean.

Fahmida Azim, ostera, Bangladeshen jaio zen 26 urteko marrazkilari ospetsua da, baina egun Los Angelesen bizi da. Bere lanen gai nagusiak «identitatea, kultura eta autonomia» direla azaltzen du bere blogean. Bere ilustrazioak “The New York Times”, “NPR”, “Glamour”, “Scientific American” eta “The Intercept” hedabideetan argitaratu dituzte, besteak beste, eta azken urteetan izen handiko ilustratzailea bihurtu da.

“Beste hizkuntza bat” izeneko olerkian, honela kontatzen da Samira surfarekin amesten hasi zen unea: «Khaled nire anaiari eskatzen diot; kontadazu gehiago surfaz. Burukiaren azpitik aldizkaria ateratzen du; niretzat ezezaguna den mundu bat erakusten didate orrialdeek; itsasoko beira diruditen olatu urdinetan surflariak ageri dira, Cox’s Bazarren antzik ez duten hondartzak, olatu erraldoiak, taula luzeak eta laburrak, eta neskak, neska pila bat. Irudi bakoitza nigan bizi da eta laugarren hizkuntza ikasten dut».

Rohingya etnia

Myanmar iparraldeko (antzina Birmania) etnia bat dira rohingyak. Musulmanak direlako jazarriak dira eta horregatik dira kanporatuak. Myanmarren bizi ziren 1,1 milioi rohingyetatik 622.000 kidek ihes egin behar izan zuten eta horietatik 300.000 haurrak dira. Horietako asko Bangladesheko Cox’s Bazarreko errefuxiatu kanpalekuetan daude.

Rohingya etniako kideek hamarkadak daramatzate errepresaliatuak izaten, baina 2017tik erasoak bikoiztu egin dira. Myanmarren ez dituzte hiritar gisa onartzen eta haien kontra bortizki egiten dute. Tortura, bortxaketa eta hilketei ihes egiteko muga zeharkatzen dute eta Cox’s Bazarrera iristen dira, esku hutsik, elikagairik gabe, eta traumatizatuta.

Pilatuta bizi dira baldintza higieniko oso txarretan eta irabazi asmorik gabeko erakundeek ematen dieten laguntzari esker bizirauten dute. Liburu ilustratuko Samira protagonista da Cox’s Bazarreko errefuxiatu kanpalekuan bizi den haur txiro horietako bat; beraz, surfaz harago, errealitate gordin baten berri ere ematen du lanak.