INFO

Lakuak eta Donostiako Udalak Metroko lanak geldi ditzaten eskatzeko martxa egin du Satorralaiak

Hainbat herritarrek Satorralaiak deitutako protestarekin bat egin dute eta Miramarren egin den Lakuako Gobernu Kontseiluaren aurrean martxa egin dute Donostiako Metroko obrak geldi daitezela eskatzeko.

Metroa geldiarazteko Satorralaiak deitutako martxa, Miramar Jauregiaren inguruetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak abuztuak Donostiako Metroaren aurkako protesta-martxa egin du astearte honetan. Goizeko 10.00etan abiatu da Kontxatik metroaren aurkako aterkiak hartuta eta esku-orri informatiboak banatu dituzte kalean. Lakuako ordezkariek Miramarren egin duten Gobernu Kontseiluaren parean protesta zaratatsua egin dute herritarrek amaitzeko. Metroa «behargabekoa» eta «kaltegarria» dela salatu dute eta «xahuketa ekonomiko itzela» dakarren obra gelditzeko galdegin diote Urkullu buru duen Gobernuari.

Satorralaiak salatu du ETS-ek (Euskal Trenbide Sarea) eta obrako enpresa adjudikatzaile berriek abuztu betean berriz abiatu dituztela Easo Plazatik Kontxara egin asmo duten tunelaren zulaketa-lanak.

«Obra urtebete baino gehiago geldiaraztera behartu duten gertakari larriak, gainkostuak, eta tunela zulatzeak hirigunean eragingo dituen arriskuez proiektuan egiten diren ohartarazpen latzak kontuan hartuta, azpiegitura-lan hori egitea astakeria bat da», iritzi du taldeak.

Kontxatik atera da protesta eta handik Miramarrerako bidea hartu du. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Gogorarazi du, halaber, Kontxako hondartzaren lurpean «kalte larriak» eragin direla egiaztatu duela Itsasertzetako Zerbitzuak, baina, hori horrela izanik ere, tunelaren lanak Urbieta kaleko lurpeko frontean berrartu dituztela. 

Satorralaiaren ustez, Lakua eta Donostiako Udal Gobernua «gezurretan aritu direla bistakoa da gure hirian Metroaren eraikuntzak dituen inpaktuen, koste errealen eta helburuen inguruan».

Metroa Donostian sustatzen ari den hiri-ereduaren eta turismoan oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorioa dela uste du bizilagun taldeak eta espekulazioa eta hirigunearen merkantilizazioa areagotzea, lan-baldintzen prekarizazioa, eta inbertsoreen interes ekonomikoak bizilagunen eta langileen beharren gainetik jartzea dakarrela berekin.

«Ez alperrik, hiri-ereduari buruz eta Donostiarako garraio publikoko sistema egokienari buruz inongo partehartze eta eztabaida sozialik gabe inposatu dute Metroa», deitoratu dute.