INFO

Antiguoko txapelak banatuko dira larunbat honetan, itxuraz oreka handiko finalekin

Oñatin San Miguel txapelketari ekingo diote final-laurdenetako lehen partidekin eta datorren astean zehar erabakiko dira Lezoko Etxandi Memorialeko finalak nortzuk jokatuko dituzten.

Zailtaunak zailtasun, giro eta partida onak izaten ari dira Antiguon. (KIROLZALE)

Pandemiak oraindik ez du ohikoa zen jarduera baimentzen, baina eskuzko pilotari afizionatuak ari dira pixkanaka euren partida eta txapelketa pribatuak pilatzen. Hala, ez ohiko egunean, baina badira bi urte finalak larunbatean jokatzeko erabakia hartu zutela, Euskal Herriko txapelketarik zaharrenak, Antiguokoak, bere txapelak banatuko ditu zapatu honetan, goizeko 11.00etatik aurrera, ikusmin handia piztu duten hiru finalekin.

Lehen partidan nesken lau eta erdikoa jokatuko dute beti faborito den Olatz Arrizabalagak eta 14 urterekin sekulako maila ematen ari den Laia Salsamendik. Uharteko klubean hazitako pilotari hau zeresan handia ematen ari da eta adin horrekin handienekin lehiatzeko prest dagoela berretsi nahi du.

Gizonezkoen bi finaletan gauza bitxi bat gertatu da, lehen fasean talde berean aritu ziren bi bikote heldu baitira final handira. Oskoz-Santamaria eta Igoa Ugartemendia promesetan eta Mata-Aizpuru / Exposito-Irazustabarrena nagusien mailan.

Frontoi honetan bertan egindakoari begiratuko bagenio, esan genezake final ezin orekatuagoak izango ditugula. Promesen mailakoan, ligaxkan jokatutako partidan, bigarren jardunaldian tanto bakarraz nagusitu baitziren Igoa-Ugartemendia. Pilotazaleek txaloka agurtu zituzten lau pilotariak eta ederra litzateke finala ere maila berekoa izatea. Finalerdietan, ordea, Oskoz-Santamariak askoz partida errazagoa izan zuten astean zehar.

Nagusien mailan ere tanto bakarraz nagusitu ziren Exposito-Irazustabarrena Mata-Aizpururen aurka eta edozer gerta daiteke. Expositok partida handia jokatu zuen eta finalean ere hala egin beharko du halako bikote sendo baten aurka.

San Miguel txapelketa Oñatin

Antiguokoa ez da larunbat honetako afizionatuen jaialdi bakarra izango, arratsaldez Oñatiko Zubikoa eraberrituan hasiera emango baitzaio 2021eko San Miguel txapelketari. Final-laurdenetako lehen kanporaketak jokatuko dituzte arrtsaldeko 17.00etatik aurrera. Aranbarri-Iztueta / Mikelarena-Bernaola jubeniletan eta Etxaniz-Apezetxea / Ariztegi-Agirre promesetan.

Finalerdiak Lezon

Eta Lezon ere ez dira geldik egotekotan eta datorren astean zehar Etxandi Memorialaren finalak zein pilotarik jokatuko dituzten erabakiko da astelehen, astearte eta ostegunean jokatuko diren jaialdietan. Astelehenean nesken lau eta erdiko lehen finalerdia jokatuko dute Olatz Arrizabalaga eta Leire Garaik, eta lehen mailako afizionatuetan Eneko Labaka-Arbizu eta Espinal-Garmendiak.

Asteartean argituko da nortzuk izango diren bezperako irabazleen finalerako arerioak. Horretarako, Aldai / Larrarte eta Santxo-Gascue / Yoldi-Beroiz partidak jokatuko dituzte.

Ostegunean, aldiz, etorkizuneko izarretako lau eta erdiko bi finalerdiak jokatuko dira Alberdi / Igoa eta De la Fuente / Fernandez.