INFO

Gozatu eta gozarazteko itzulera izan du Iker Irribarriak Gautegiz-Arteagan (8-22)

Defentsan ez dute gehiegi behartu, baina Rezusta oso on batek lagunduta, erakustaldia eman du erasoan, denera 13 tanto lortuta, horietako 8 boleaz.

Iker Irribarriak amestutako itzulera izan du Gautegiz-Arteagan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Zazpi hilabetetan latz lan egin eta sufritu ostean, berak gozatu eta pilotazaleei gozarazteko itzulera izan du Iker Irribarriak Gautegiz Arteagan jokatutako estelarrean. 2017an Binakakoa irabazi zuen bikote hura gogoraraziz, eskuinez orduan baino pilotakada askoz gehiago jo dituen Beñat Rezusta oso on batek lagunduta, garaipen erosoa lortu du aramarrak partida osoan zehar ezinean aritu diren Bengotxea VI.a eta Imazen aurka (8-22).

Haisera batean espero zuena baino askoz itzulera gozoagoa izan du goierritarrak Busturialdean, defentsan, gehien sufri zezakeen horretan, apenas estutu baitute. Bere joko molderako, estutasunetan jar lezakeen etsaia da, berez, Oinatz Bengoetxea, baina gaur leitzarra antzu antzean ibili da eta oso gutxitan mugiarazi du Irribarria. Hori bai, 6-8koan 18 urterekin Buruz Buruko txapela jantzi zueneko Irribarria gogorarazi digun Irribarria ikusi ahal izan dugu, pilota zail bat eraman ahal izateko ezker paretan hanka jarriz emandako jauzi ikusgarri batekin, bere belaunetan konfiantza erabatekoa duela berretsiz.

Baina bereziki erasoan aritu da bikain aramarra, aparteko distirarekin jardun baita. Pilota bizi atera zaio eskutik, etorri handiarekin aritu da, bereziki boleaz eta azkenerako 13 tanto eginda itzuli da etxera, horietako zortzi boleaz.

Laguntza handia

Hori bai, ezin da inolaz ere ahantzi aramarrak atzean izan duen laguntza bikaina. Izan ere, tarteka, oso tarteka, eskuinkada handia luzatu baditu ere, Ander Imaz erabat dominatu du Beñat Rezustak. Bergarakoa berme osoko atzelaria da, zulo handiak ireki dizkio Irribarriari eta honek bikain aprobetxatu ditu, erasoan erakustaldia emanaz. 

Gauzak horrela, partida azkar antzean puskatu da eta ikuskizun dago, gehiago behartzen dutenean, zein izango den Irribarriaren erantzuna, baina itzulerakoan erakutsitako etorria ikusgarria izan da.

Ezin bestela eta Iker Irribarriak «gustura» amaitu du itzulerako partidan horren garaipen erosoa eskuratuta. «hainbeste denbora kanpoan eman eta gero, uste dut egin beharreko lanak eginda etorri garela eta aspaldiko partez kantxan izugarri gozatu dut», azaldu du amaieran.

Aramarrak onartu du bazuela zalantzaren bat, entrenamenduetan  emandako maila partida ofizial batean emateko moduan egongo ote zen, baina dena borobil irten zaio, uste baino hobeto agian eta «gozamen honek ez dauka preziorik» goierritarraren esanetan.

Baina emaitzaz harago, fisikoki ondo eta inolako minik gabe amaitzea zen garrantzizkoena eta horretan ere ez du inolako arazorik sumatu. «Zabaleko pilotetan eta behartu beharrekoetan lasai aritu naiz, belaunek eta hankek nola erantzuten zuten neurtuz eta ondo ikusi dut neure burua», azaldu du.

Hori bai, ez du atzean izan duen laguntza paregabea ahaztu nahi izan. «Beñatekin horrela gozatzea gozada bat da», gaineratu du.

 

FITXA TEKNIKOA:

Bengoetxea VI.a-Imaz: 8

Irribarria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 447. Iraupena: 51,51 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-7, 5-8, 6-8, 6-13, 7-13, 7-20, 8-20, 8-21, 8-22. Sakeak: 1 Irribarriak. Tantoak: 0 Bengoetxea VI.ak, 1 Imazek, 13 Irribarriak eta 2 Rezustak. Hutsak: 2 Bengoetxea VI.ak, 5 Imazek, 4 Irribarriak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Gautegiz-Arteagan jokatutako partida, salgai jar zitezkeen sarrera guztiak saldu dira.