INFO

Afganistango erresistentziak ukatu egin du Panjshir talibanen esku erori izana

Talibanek Panjshir probintzia bereganatu dutela baieztatu arren, Erresistentziako Fronte Nazionalak ukatu egin du eta borrokan mantenduko direla adierazi «justizia eta askatasuna nagusitu arte».

Erresistentziako Fronte Nazionala gerrilla lokalek eta Afganistango Gobernuaren tropek osatzen dute. (Ahmad SAHEL ARMAN / AFP)

Erresistentziako Fronte Nazionalak (NRF), Panjshir probintzian (iparraldean) talibanen aurka borrokatzen duen oposizioko taldeak, ukatu egin du Afganistango azken gotorleku hori islamisten kontrolpean erori izana, talibanen erregimenak aldarrikatzen duen bezala, eta borrokek jarraitzen dutela ziurtatu du.

Sare sozialen bidez zabaldu dutenaren arabera, mendialdearen «kontrol osoa» du oraindik erresistentziak eta talibanek soilik gobernadorearen bulegoa hartu dute. «Talibanek Panjshir okupatu zutela esatea gezurra da. NRFko indarrak bailarako puntu estrategiko guztietan daude, borrokarekin jarraitzeko asmoz», gehitu dute.

Eta mezua herritarrei helarazi nahi izan diete. «Talibanen eta bere kideen aurkako borrokak aurrera jarraituko duela ziurtatzen diogu Afganistango herriari, justizia eta askatasuna nagusitu arte».

Ahmad Massoud-ek, erresistentziako buruetako batek, mezua helarazi du sareen bitartez ere.

Era berean, talibanak «ez direla aldatu» nabarmendu du eta «iraganean baino erradikalagoak» bihurtu direla ziurtatu du erresistentziako buruzagiak. Zentzu horretan, nazioarteari «axolagabe ez agertzeko» eskatu dio.

Horren harira, probintziaren aurkako erasoak «isilean» ikusi dituen nazioarteari gogor egin dio, ondoren «afganiar guztiak» interpelatzeko, «erresistentziarekin ahal den modu guztietan bat egin beharko luketelako».

Ordu batzuk lehenago, talibanek, ohar baten bidez, «Panjshir probintzia Emirerri Islamikoaren kontrolpean» geratu dela adierazi dute. Ez da lehen aldia talibanekin lotutako hainbat iturrik Panjshirren erorketaren berri ematen dutela. Hala ere, hau da talibanek eskualde honen aurkako garaipena ofizialki aldarrikatzen duten lehen aldia.

Panjshir, orain arte, Afganistango 34 probintzietatik islamisten kontrolari aurre egin dion bakarra izan da, taldeak, gainontzeko 33 eskualdeak bi aste baino gutxiagoan hartuta, Kabul abuztuaren 15ean hartzearekin amaitu zuenetik.