Konfinamendua, adin txikikoen kontrako sareko delitu sexualen haztegi
2020aren hasieran covidagatik hainbat herrialdetan ezarritako itxialdia «haztegi» bat izan zen internet bidez adin txikikoen aurkako sexu delituak egiteko. Haur pornografia banatzen zuten Europako helbideen jakinarazpenak %1.000 baino gehiago igo ziren.
‘Adin txikikoen eta emakumeen kontrako delituak sare sozialetan’ izeneko Donostiako EHUko Udako Ikastaroan parte hartu du Elvira Tejada Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak. Kriminalitate Informatikoaren Kontrako Estatuko koordinatzailea ere bada. Bere hitzaldian azaldu duenez, konfinamenduko neurri murriztaileek adin txikikoen kontrako sareko delitu sexualak «bultzatu» zituzten, haurrak «etxean sartuta egon zirelako, egun osoa ordenagailuari itsatsita». Gurasoak «kezkatuago zeuden txikien osasun eta segurtasun fisikoaz interneten egiten zutenaz baino». Eta, bitartean, «heldu pila bat libre zegoen, etxeko gailuen bidez sarera ateratzea beste ihesbiderik gabe».
Europolek baieztatu duenez, haur pornografia banatzen zuten Europako helbideen jakinarazpenek goia jo zuten: %1.000 igo ziren momentu batean. Hazkunde horrek konfinamendua bukatu orduko egin zuen behera.
Itxialdian adingabeen aurkako sareko delitu sexualek goia jo zuten espainiar Estatuan ere. Polizia espainolaren datuen arabera, salaketak %350 gehitu ziren.
Tejadaren iritziz, halako datuek islatzen dute gaizkileak teknologia berriak erabiltzen ari direla helburu sexualekin haurrengana hurbiltzeko, material pornografikoa sortu eta banatzeko, eta adin txikikoekin harreman bidegabeak izateko.
«Zaurgarritasun sakon bat»
Testuinguru horretan adingabeek «zaurgarritasun sakon bat» bizi dutela esplikatu du fiskalak. Izan ere, «jendarte oso digitalizatu batean jaio dira, oso txikitatik ohitu dira teknologiak maneiatzen eta sarri ez dakite errealitate fisikoa birtualetik bereizten eurentzat dena berdina baita».
Erantsi duenez, askotan ez dute beharrezko formaziorik, ezta gaitasun eta heldutasunik ere sarean harreman batzuk izatean edo bertan informazio pertsonalen bat jartzean hartzen ari diren arriskuez ohartzeko.
«Sare horretan, benetako harrapari sexualen erasoen aurrean jartzen dira», salatu du Tejadak. Arazo honen larritasunaz ohartarazi du, eta nabarmendu du gero eta maizago detektatzen dituztela espainiar Estatuan eta Europar Batasunean haur pornografia egiten dutenak. Lehen «material hau eduki eta banatzea» izaten zen delitua.
Haur pornografia egiten «oso azkar» hasi dira, telefono mugikorren garapen teknologikoak lagunduta. Horiekin, edonork, edozein une eta egoeratan egin ditzake kalitate oneko grabazioak, estudio batera joan beharrik gabe.
Europa, haur pornografia banatzailerik handiena
Europar Batzordeak 2020ko uztailean egin zuen ohartarazpen bat ekarri du gogora. Jakinarazi zuenez, Europa haur pornografiaren munduko banatzailerik handiena bilakatu da.
2010ean adin txikikoen abusuen 25.000 salaketa jaso zituzten Europan; 2019an, aldiz, 700.000 baino gehiago. Horren aurrean, Europar Batzordeak legediarekin lotutako neurriak proposatu ditu, delitu horien aurka egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana handitzearekin batera.
Fiskalak arlo honetan Poliziak egiten duen lana indartzearen eta «ikerketa tresna egokiak» garatzearen alde egin du.