INFO

Irribarria eta Elordik eta Agirre eta Peña II.ak kaiolako atarikoak jokatu beharko dituzte

Baikok hurrengo txapelketan parte hartuko duten bere pilotarien zerrenda ere argitu du, ezusteko handiegirik gabe, Artola, Bengoetxea VI.a, Jaka, Laso eta Urrutikoetxea izango dira Bilboko enpresako ordezkariak.

Iazko Promozio txapelduna izan arren, atarikoa jokatu beharko du Aitor Elordik. (Jon URBE/FOKU)

San Mateo izaten da esku pilotako munduan udari agur esateko ardura izaten duen torneoa eta bertako gora-beherak aurkeztu eta berehala, enpresak hurrengo txapelketara begira jarriak dira dagoeneko. Hala, Baikok gaur bertan argitu ditu lehen mailako Lau eta Erdikoan ariko diren bere ordezkarien izenak. Oraindik ere kantxetara itzuli ez den Iñaki Artolak, Oinatz Bengoetxeak, Erik Jakak, Unai Lasok eta Mikel Urrutikoetxeak ziurtatuta dute parte hartzea eta Baikori dagokion seigarren postua Jon Ander Peña eta Asier Agirrek Logroñon, irailaren 23an jokatuko duten kanporaketako irabazlearentzat izango da.

Aspek momentuz argitu duen bakarra Aitor Elordik eta Iker Irribarriak ere atariko bat jokatu beharko dutela izan da. Hauen kasuan irailaren 24an jokatuko dute, Adarragan baita ere. Mallabitarra iazko Promozio txapelketako txapelduna izan arren, atariko hau jokatu beharko du, pilotariak eta enpresak heldutako akordio baten baitan, bigarren mailako txapeldunak ez baitu leku bat gorderik izango, aurten bezala, txapelketa final zortzirenetan, hau da, enpresak seina pilotari jartzen dituenean, hasten bada.

Eibarko enpresak ez du inolako beste pistarik eman, baina pentsatzekoa da Jokin Altunak, iazko txapeldunak, Joseba Ezkurdiak –Jaka eta Bengoetxea VI.arekin zerrendaburu laukotea osatu beharko lukeenak– Danel Elezkano eta Peio Etxeberriak barruan beharko luketela eta bosgarren postua Victor edo Dariorentzat behar luke, normalean Victorrentzat.

Saria formakuntza klubentzat

Errioxarrekin jarraituz, Pedro Uruñuela, bertako Gobernuko Kirol Kultura eta Gazteria kontseilariak jakitera eman duenez, Errioxako Gobernua eta Aspe eta Baiko enpresak akordio batera heldu dira, bertako pilotari afizionatu batek profesionaletara jauzia ematen duen aldiro, enpresa profesionalek 1.500 euroko sari bat eman diezaioten gazte horren formakuntza klubari, egindako lanaren sari gisa. Momentuz, ez da halako ezer iragarri Hego Euskal Herriko lurraldeentzat, nahiz eta klub guztien aspaldiko eskakizun bat izan.