INFO
Interview
Manex Alday
Hondarribia A.E.-ko arraunlaria eta kapitaina

«Irteeran jasotako hiru segundoko zigorra jaso ostean, bertsiorik onena eman genuen»

Hondarribian 20 urte daramatzan honetan, Manex Aldayk esperientzia eta indarra transmititzen du taldean. Traineru berdeak irteerako hiru segundoko zigorra jaso ostean, lehen jardunaldiko denborarik onena markatu zuen. Igandean, «hankak lurrean» izanda, 1.74 segundoko aldea kudeatu beharko dute.

Manex Alday, ezkerrean, aurreko igandean Kontxako Banderako lehen jardunaldian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Kiroltasunez» hartu zuen Hondarribiak hiru segundoko zigorra eta orain arte lortutakoa biribildu nahi du.

Zer moduz biharamuna?

Ondo, jakinda bandera horren bide horretan lehenengo urratsa egin dugula eta abantaila oso-oso txiki bat dugula. Baina hankak lurrean ditugu eta dena datorren igandean erabakiko da.

Orain, pixka bat hotzago aztertuta, nola ikusi zenuen taldea?

Ondo. Azkenean uda bukatzen ari da eta udara osoan oso talde solidoa izan gara. Orain, ikusita fisikoki oso momentu onean gaudela eta arraunean ere txukun ari garela, konfiantza handia dugu geure buruan eta iganderako oso gogotsu gaude.

Abantaila ez da erabakigarria, baina bai ona, ezta?

Nik anekdotikotzat hartuko nuke. Beti da hobea aldea izatea, kontrakoa izatea baino. Diferentzia hori alde daukagu, baina oso garbi daukagu datorren igandean bandera irabazi nahi duenak ziur aski jardunaldia ere irabazi beharko duela, edo behintzat borroka horretan sartu beharko dela bandera etxera eramateko.

Gainera, kontuan izan behar da hiru segundoko zigorra jaso zenutela irteera ustel baten ostean. Nola hartu zenuten zigorra?

Kiroltasunez. Segituan konturatu ginen irteera ustela egin genuela, gure errua izan zela, eta listo. Horrelakoak gertatzen direnean, ahalik eta azkarren asumitu behar da eta berriro prestatu estropadari aurre egiteko.

Eta taldea indartsu atera zen.

Ez zegoen besterik. Zigorra eduki edo ez eduki, guk bagenekien gure bertsiorik onena eman beharko genuela, betiere aurrean egon nahi bagenuen. Alde horretatik, hiru segundoko zigorra jaso eta gero, bagenekien gure bertsiorik onena ematea zela klabea eta horretan hasi ginen.

Zer gertatzen ari da aurten hiru segundoko zigor mota hauekin? Coruñan beste zigor bat ere jaso zenuten, Eusko Label Ligan, hasiera batean kendu zizuetena baina berriro berretsi dutena. Horrek gainera puntu bat kendu dizue sailkapen nagusian…

Araudi hori betidanik existitu da eta horri jarraitu behar zaio. Kontxako hiru segundo hauek ez dute zerikusirik Coruñan jarritakoekin. Hau gure artean: hiru segundoko zigor bat da futbolean txartel hori bat ateratzea bezala. Normatiba aplikatzerakoan dauden zigorrak dira, eta lehenik, hiru segundo jartzen dituzte, gero uste dut hurrengoa kaleratzea dela. Adbertentzia bakar horiek ekarri dute hiru segundoko zigorra ezartzea. Kasu honetan, nire ustez, ondo aplikatuta dago, baliogabeko irteera bat egon zelako. Coruñako kasua beste istorio bat da. Araudia ondo irakurri beharko litzateke eta hor bertan jartzen duena ondo digeritu, ikusteko hiru segundo horiek aplikatu behar ziren edo ez.

Iruditzen zait epaileen zenbait erabaki zeresan handia ematen ari direla aurten. Hala da? Araudia gogortu al da?

Ez, ez da gogortu. Arrauna betidanik izan da kirol polemikoa eta epaileek beti eduki dute euren hitza. Ez zait iruditzen, aurreko urtearekin alderatuta, aurten egoera polemiko gehiago izan direnik. Beste gauza bat da aurreko urtean egon ziren egoera polemikoetan edo aurtengoetan desberdin jokatu izana edo hartutako erabakiak beste mota batekoak izatea. Hori bai, ez nuke nik epaileei buruz hitz egin nahi; ez nuke horretan hanka sartu nahi. Elkarrizketaren norabidea ez doa epaileen norabideaz, baizik eta Kontxara bideratuta, ezta?

Hala da, bai. Bada, Kontxara bueltatuz, non egon daiteke datorren igandeko gakoa?

Bakoitzak bere estropada onena egitean, ez dago besterik. Norberak bere %100a eman beharko du, estropada horretan ahal duena egin muturra sartzeko.

«Oso diferentzia txikian talde asko gaude eta iruditzen zait edozein taldek, egun borobila lortzen badu edo ateratzen bazaio, lor dezakeela bandera hori etxera ekartzea»

Hondarribia eta Santurtziren arteko lehia izango al da edo aurkari gehiago egon litezke?

Hasteko, oso diferentzia txikian talde asko gaude eta iruditzen zait edozein taldek, egun borobila lortzen badu edo ateratzen bazaio, lor dezakeela bandera hori etxera ekartzea. Ez zait iruditzen Oriok inolako deskalabrurik behar duenik, adibidez, 10 segundori buelta emateko. Beste gauza bat da tartean dauden beste taldeei ere diferentzia atera beharko liekeela. Orio aipatu dut, baina Donostiarra edo beste edonor izan daiteke.

Kontxan garaipena lortuz gero, zer espero daiteke Hondarribiaz hemendik Liga amaiera arte?

Hondarribia edozein estropadatan saiatzen da ahalik eta emaitzarik onena lortzen, izan Kontxan, izan denboraldiaurrean. Falta diren estropadetan, Hondarribiak bere bertsiorik onena emango du. Ligaren kasuan, geure buruaz bakarrik dependitzen ez dugun arren, saiatuko gara gauzak ahalik eta gogorren jartzen aurrean ditugun taldeei, kasu honetan Santurtziri. Beraiek irabazi behar badute, gure gainetik pasa beharko dute behintzat.

Kontxa irabazita, herriko «jaiei» amaiera bikaina emateko aukera litzateke…

Hala izango litzateke irabaziko bagenu. Lehenengo irabazi egin behar da, eta horretarako, lehenengo igandean estropada borobil bat egin behar dugu. Hori eginez gero, eta gure aurkariei irabazten uzten ez badiegu, galdera horren erantzuna hor edukiko genuke.