«Legea bete ezkero Unai Parotek etxean beharko luke», gogoratu dute Arrasaten
31 kilometrotako martxa egingo dute Arrasaten irailaren 18an, larunbatean, Unai Parotek jada espetxean 31 urte egin dituela gogoratu eta aske egon beharko lukeela aldarrikatzeko. Norbanako eta elkarte ugarik hartuko dute parte, astearte honetan eginiko bileran zehaztu denez.
Ekimen honen kontra zenbait politikarik eta hedabidek eragindako zalaparta saihestuz, Unai Parot askatzearen alde Arrasaten hilaren 18an egingo den elkartasun martxaren prestaketan aurrera egin dute auzokideek. Bilera burutu dute astearte honetan, 31 kilometrotako ibilbiderako txandak banatu (eragile ugarik hartuko baitu parte) eta idatzi bat adosteko.
Bertan gogora ekartzen denez, 31 kilometro egingo dituzte Unai Parotek jada 31 urte preso egin dituelako eta «bizi arteko zigorra behingoz amaitzea eskatzen dugulako. 31 kilometro horiek Arrasateko eragileek egingo dituzte, gaur hemen elkartu garen Arrasateko euskaltzale, pentsionista, kirolari, auzo elkarte, ostalari, dendari, feminista, zinegotzi eta alkate ohi, sindikatukide, musikari, dantzari, dispertsioa zuzenean ezagututako presoen senide eta beste hamaika lagun eta erakundek».
Azken hilabeteotan urruntzea leuntzeko egindako urratsak aipatu ostean, «hori ez da nahikoa», nabarmendu dute antolatzaileek, «legea betetzea besterik ez dugulako eskatzen». Eta testinguru honetan «legea bete ezkero Unaik etxean beharko lukeela» oroitarazi dute.
Azken adierazpen honek zentzu osoa hartzen du ekimen honen aurka abiatutako kanpaina gogorra ikusita. Ekimena debekatua izan dadin tematu dira zenbait eragile (Denis Itxaso Gobernu espainoleko ordezkariarekin bilera egitera heldu ziren, presionatzeko asmoz). PPko Carlos Iturgaizek «omenaldi» gisa aurkeztu du martxa eta bere alderdiak egun horretan ETAk eragindako biktimen aldeko ekitaldiren bat asmoa aipatu du. Testinguru honetan espainiar ajentziek asteartean zabaldu zuten ilegalki ezarritako hilabete batzuk ez dituela Parotek espetxean eman beharko, baina hala ere Auzitegi Nazionalak 2029. urtean aurreikusita duela zigor amaiera. Ordurako 39 urte preso beteko luke.
Lehenengo kilometroa eta azken hiruetarako gonbita
Egitarauari dagokionez, 12etan hasiko da martxa Biterin. Lehen lekukoa urteetan zehar dispertsioa jasan duten presoen senide eta lagunek eramango dute. 18etan azken hiru erreleboak «denok batera, manifestazioan egiteko deialdia egiten dugu. Azken lekukoa Oihana Parotek, Unairen alabak, eramango du», zehaztu dute.
Animazio ekitaldiek lagunduta egingo dute bide osoa. «Eragileokin batera nahi duenak nahi adina kilometro egin ditzake», aipatu dute.