INFO

Lehoiak salbu daude Hego Afrikako Balule erreserba naturalean

Arratsaldero, eguzkia erortzean, bufalo baten hotsa aditzen da Hego Afrikako Balule erreserba naturalean. Tranpa bat da: bozgorailuek zabaltzen duten soinu horrek lehoien gosea eragin eta Hego Afrikako erreserba horretan zenbat dauden kontatzeko balio du.

Lehoi eme bat Hego Afrikako Balule erreserba naturalean. (Luca SOLA/AFP)

Arratsaldero, eguzkia erortzean, bufalo baten hotsarekin iluntzen du sabanak. Baina tranpa bat besterik ez da, bozgorailuek zabaltzen duten soinu horrek lehoien gosea eragin eta Hego Afrikako erreserba horretan zenbat dauden kontatzeko balio baitu.

«Lehoi guztiak ezagutzen ditugu, baina urteko errolda horrek beraien berri izateko balio digu», azaldu du Ian Nowak-ek, Balule erreserba pribatuaren arduradunak (55.000 hektarea ditu). Mozambikeraino 2,5 milioi hektareko lurra hartuz zabaltzen den Kruger parke nazionalaren mugetan kokatzen da erreserba naturala.

Guardekin batera, albaitaritzako ikertzaile batek ahalik eta zaratarik txikienari aditzen dio, elefanteen soinuak, belar garaien dantzak... iluntasuneko mugimenduak deszifratuz, lehoiei argazkiak ateratzeko prest egoten da. Beren orbainengatik, belarrien formagatik edo bestelako bereizgarriengatik identifikatzeko balio du bere lanak.

Itxaronaldia luzea da. Gau batzuetan 23 lehoi ikusi izan dituztela zin egin du taldeak, antilope zati bat harrapatzeko gogor borrokatuz.

«Lehoiak gautiarrak dira», dio Ian Nowak-ek ahopean. «Batzuetan jada jan dute, beraz ez dira etortzen. Batez ere arrak oso alferrak dira», esan du brometan.

Iaz 156 lehoi zenbatu zituzten duela 20 urte landatutako soroetan sortutako erreserban. «Oso ondo daude», dio, Afrikako beste eremu batzuetan ez bezala.

Argiak piztu eta...

Gobernuak bultzatutako kontserbazio politikatik haratago, hainbat urteko lehorteari esker biziraun dute lehoiek erreserba honetan. Goseteak, antilopeak eta bufaloak sabanako erregeen harrapakin erraz bihurtu zituen, ehiztari gisa gaitasun gutxi zuten arren.

Lehoien mehatxurik handiena, parkeko langileek segurtatu dutenez, haien soroak eztanda demografikoaren ondorioz murriztea litzateke.

Bozgorailuetatik bufaloak zarataka jarraitzen du, eta txakal bat engainatzea lortzen du. Honek inpala puska bat harrapatu nahi du, baina ziztu bizian desagertu da, zaratarik txikiena entzunda.

Prismatikoei esker, albaitariak mugimendu bat identifikatu du. Kotxeko argiak piztu dira eta autoaren aurrean sabanako erregearen melena argi eta harrigarria agertzen da, aldi berean mesfidati eta lasai mugitzen dena.

Kotxeko argiak pizterakoan agertu da lehoia. (Luca SOLA/AFP)

«Beste talde bateko lehoirik ez dagoela ziurtatzen du», esan du Nick Leuenbergerrek. «Usainak aztertzen ditu». Bat-batean, ahoa ireki eta zuhaitzetik zintzilik dagoen inpalaren gainera salto egin du.

Jan ondoren, zuhaitzaren magalean etzan da. Gainerakoa geroago amaituko du. Baina guardientzat lehoia hor geratzeak ez du ezertarako balio, beste animaliarik ez baita hurbiltzera ausartuko.

Hurrengo gauean, zazpi hiena iritsi dira inpalak jatera. Lehoi bakar bat ere ez. Itzulerako bidaian, kotxea bat-batean geratu du gidariak. Ezkerrean, distantzia txikira, hipopotamo batek ahoa ireki du. Haserre dirudi.

Errepidearen eskuinaldean, belar artean, zazpi lehoik burua altxatu dute aldi berean. Hipopotamoarentzat arriskua? «Ez, lehoien bikoitza beharko litzateke. Hemen nagusia nor den gogoratzen ari zaie», esan du Ianek.

Minutu batzuk geroago, tentsioa erlaxatu egin da. Lehoi ar bat zuhaixka baten atzetik agertu da errepidera. Eme bat batu zaio. Autoak pixkanaka errepidean aurrera egin du, bakoitza bere aldetik desagertu arte, sabanako gauean.