Dena prest dago Getxon Munduko Sokatira Txapelketari hasiera emateko
Lehiaketa ostegun goizean hasiko da gizonezkoen 680 kiloko mailarekin eta talde mixtoen 580koarekin. Taldekako lehiaketetan Euskal Herriko lau klub arituko dira: Getxo, Gaztedi, Goiherri eta Mutriku. Selekzioen artekoak asteburuan jokatuko dira eta Euskal Herriak maila guztietan hartuko du parte.
Dena prest dago Getxon bihar Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketari hasiera emateko. Lehiaketa 09.30etan hasiko da gizonezkoen 680 kiloko mailarekin, eta bertan Getxo, etxeko taldea, izango da euskal ordezkari bakarra. Goizeko saioa talde mixtoen 580 kiloko mailarekin osatuko da eta hor bi euskal taldek hartuko dute parte: Gaztedi eta Mutriku.
Arratsaldeko saioa 13.30etan hasiko da gizonezkoen 560 kiloko mailarekin. Euskal ordezkaritza benetan oparoa izango da pisu horretan. Parte hartuko duten hamabi taldeetatik bost euskaldunak izango dira: Gaztedi A eta B, Goiherri A eta B, eta Mutriku. Emakumezkoen 500 kiloko lehiaketa ere ostegun arratsaldean jokatuko da bi euskal talderekin: Gaztedi eta Goiherri.
Taldekako lehiaren bigarren jardunaldia ostiralean jokatuko da. Goizez gizonezkoen 720 kiloko txapelketa –euskal ordezkaririk gabe– eta gizonezkoen 23 urtez azpiko 600 kilokoa –hiru talde bakarrik lehian, horietako bat Goiherri– jokatuko dira.
Arratsaldean, gizonezkoen 640 kiloko maila iritsiko da, Gaztedi, Getxo, Goiherri A eta B eta Mutriku bertan direla. Emakumezkoen 540 kilokoan, Gaztedi arituko da.
Selekzioa, asteburuan
Larunbatean emango zaio hasiera selekzioen arteko lehiari, eta Euskal Herriak maila guztietan hartuko du parte. Egitarau berdinari jarraituz larunbat goizean gizonezkoen 680 kilokoa eta talde mixtoen 580 kilokoa jokatuko dira; arratsaldean gizonezkoen 560 kilokoa eta emakumezkoen 500ekoa; igande goizean gizonezkoen 720 kiloko txapelketa eta gizonezkoen 23 urtez azpiko 600ekoa; eta arratsaldean gizonezkoen 640 kilokoa eta emakumezkoen 540koa.
Erreferentzia moduan, orain dela hiru urte Hegoafrikan jokatutako Munduko Txapelketa hartu daiteke, eta orduan euskal ordezkaritzak zazpi domina ekarri zituen, lau taldekako lehian eta hiru selekzioen artekoan. Etxean arituta, gainera, uzta hori handitzea posible dela pentsa daiteke.