INFO

Gorriz markatu du Eibarrek liderraren bisita

Denboraldia «luzea» dela gogoratu arren, Sportingen kontrako partidaren garrantzia azpimarratu du Gaizka Garitanok. Taldeak etxean orain arte erakutsi duen mailari eustea espero du.

Ondo jokatu bai baina irabazi ez du egin oraindik Eibarrek Ipuruan. (SD Eibar)

Liderra dator igandean Ipuruara (18.15, Gol). Lehen bost jardunaldietan lau garaipen eta berdinketa bat eskuratu ditu Sportingek, eta horrek «momentuz, mailako talderik onena» bilakatu du. Baina Eibarren «onena dela erakutsi beharko du eta gu eurak baino hobeak garela erakusten saiatu beharko gara», adierazi du Gaiza Garitanok.

Armaginen entrenatzaileak partida «gorriz» markatuta dutela onartu du. «Partida guztiek balio dute hiru puntu, denak dira zailak eta hurrengoa beti da garrantzitsuena. Baina denboraldian zehar beti daude partida batzuk gorriz markatuta. Uneagatik, sailkapenagatik, aurkariagatik, etxean jokatzen dugulako… Dena batzen duzu eta argi dago garrantzitsua dela, baita beraientzat ere. Taldeak badaki, eta hori oso garrantzitsua da, erronka polita dela. Etxean, gainera. Gure zaletuen aurrean irabazi nahi dugu».

Eibarrek orain arte lortu ez duen gauza da, bere bi garaipenak etxetik kanpo lortu baititu. Ipuruan eskainitako joku maila, berriz, oso ona izan da. Eta, hain zuzen ere, Garitanok Ponferradinaren eta Leganesen kontra egindakoari eutsi nahi dio, oraingoan gol-aukerak asmatuz. «Sinatuko nuke aurrekoen partida bera egitea. Lortzen badugu, garaipenetik gertu egongo gara. Garrantzitsuena eta zailena bi partida horietan egindakoa errepikatzea izango da. Eta gehiago asmatzea. Asmatzen duzunean irakurketak positiboagoak izaten dira baina Ipuruako partida bietan taldeak maila ona eskaini du», esan du.

Anoetan asmatu bai, asmatu zuen Eibarrek, denboraldiko bigarren garaipena lortuz. Eta horrek taldearen konfiantza berrindartu du. «Animikoki beti egon gara oso altu baina egia da garaipenek konfiantza ematen dizute. Animo aldetik ez dugu nabaritu, taldeak hasieratik oso ondo egin duelako lan baina garaipenekin jendeak konfiantza gehiago du bere buruarengan. Batzuetan ona da eta beste batzutan ez hainbeste, hala ere. Liderraren kontra jokatuko dugula jakin behar dugu, zaila izango dela eta umiltasuna erakutsi behar dugula».

Entrenatzaile bizkaitarrak, azkenik, nahi duen Eibar ikusteko «oraindik falta» dela azaldu du. «Baina denok gabiltza antzera. Ez dut uste Sportingek berak lortu duenik, nahiz eta oso itxura ona eman orain arte. Talde guztiak gaude egin gabe. Baina 3-4 gauzetan nahi dudan taldea ikusi dut, Eibarrek duen marka hori baloiarekin ere kalitatezko jendea daukagu…».