INFO

Lehen asteburuko filmen artean nabigatzeko gida bat

Hasi da lasterketa: zer ikusi, nola iritsi, non eskuratu sarrerak... Donostia, urtero legez, berpiztu egiten da Zinemaldiarekin, batez ere lehen asteburuan. Larunbata eta igandeko filmen artean nabigatzeko nabigazio-egunkaria antzeko bat prestatu dizuegu.

'Camila saldrá esta noche' argentinarrak Sail Ofizialean ezustea eman dezaketen artean dago. (NAIZ)

Asteburuko nabigazio-egunkari honetan, atal batzuk nabarmentzen dira:

Euskal gatazka bi filmetan

Egun berean, baina atal desberdinetan, euskal gatazkaren inguruko bi filme ikusi ahal izango dira. Lehena, 'Maixabel', Iciar Bollainek Maixabel Lasa protagonista bihurtu duen filma. Urrezko Maskorraren lehiaketan dagoenez, prentsak ostiralean ikusi ahal izan du, baina publikoarentzat izango den lehenengo emanaldia larunbatean goizeko 8:30etakoa da. Kursaaleko areto nagusian, 22.30etan, alfonbra gorrian egilea eta protagonistak ikusi ahal izango ditugu.

Istorioaren oinarria hau da: 2000. urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan María Jáuregui hil zuen ETAk. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen: komandoko batek berekin hitz egiteko eskatu zion Langraiz Okako espetxean.

Larunbatean ere, 22.00etan baina Principe antzokian, estreinatuko da `Bolante baten historia´, Iñaki Alforjak eta Iban Toledok zuzendu duten istorioa. 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen José Miguel Etxeberria Álvarez, Naparra, desagerrarazi zuten. Anaiaren desagerpenak irekitako zauria sendatzeko asmoz, Eneko da berrogei urte baino gehiago iraun duen bilaketaren lekukoa hartu duena.

Izen handikoak  vs. hasi berriak

Sail ofizialari dagokionez, asteburu honek edizio honetako hautaketan soma daitekeen joera argi eta garbi ikusten da.

Alde batetik, izen handiko zinemagileen filmak: larunbatean, Terence Davies estatubatuarrak 'Benediction' dakar, Igo Gerra Mundialaren osteko gerra-poetaren erretatoa, Siegfried Sassoon gizon konplexua izan zen. Igandean, Laurent Cantet frantsesak 'Arthur Rambo'-n Karim D idazle polemikoa gerturatuko digu.

Asteburuko eskaintza hiru emakume hasi berrien lanekin osatzen da sail ofizialean... eta, iaz bezala, hasi berriak izan daitezke ezustea emango dutenak. Adi, beraz, Lucile Hadzihalilovic frantziarra ('Earwim'), Tea Lindeburg danimarkiarra ('As in Heaven') eta Inés Barrionuevo argentinarra ('Camila saldrá esta noche').

Musika, monjak, poliziak...

Zaila da oso aukeratzea Perlak izeneko atalean, baina saiatuko gara. Paul Verhoevenek hautsak harrotu zituen Canneseko jaialdian 'Benedetta' filmarekin, hau da XV. mendeko Benedetta Carlini nobizia lesbianaren istorioarekin. Verhoeven ez da Donostiara etorriko, baina bai ordea filmeko protagonista, Virginie Efire belgikarra.

Céline Sciamma zinemagile frantsesa apartaren 'Petite Maman' oso kritika onekin dator, ordea. Haur batzuen istorio hunkigarri hau urrian iritsiko da zinema aretoetara, dena den.

Horizontes Latinos sailean Netflixen zigilua duen 'Una película de policías' film mexikarrak oso itxura ona du. Alonso Ruizpalaciosen esperimentu dokumental eta narratibo honen helburua Mexikoko erakunderik eztabaidatuenetako bat, polizia, argitzen saiatzea da, baita justizia-sistema txikitzen duen zigorgabetasunaren kausak ere.

Eta, azkenik, Belako taldeko zaletuentzat, iritsi da eguna: 'Pandemia Tour 2020 Belako' filma ikusi ahal izango baitute larunbatean. Hernan Zinek zuzendu du dokumentala eta, diotenez, kontzertu antzeko bat egon daiteke ere Principe 9an, 19.30tan,  egingo den estreinaldi ofizial honetan.