INFO

Bizi osoko espetxe zigorren kontrako aldarria biderkatu du Sarek

Milaka pertsona elkartu dira Euskal Herriko herri desberdinetan 7/2003 legearen bitartez euskal presoei aplikatzen zaizkien bizi osorako espetxe zigorren kontra eta Unai Parot askatzearen alde. Sarek Arrasaten berretsi du ez diola «inolako konfrontaziorako aukerarik» emango eskuin muturrari.

Bizi osorako zigorren kontra Sarek Arrasaten egindako elkarretaratze jendetsua. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Sarek “Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubideak, elkarbizitza, konponbidea” lemapean larunbat honetarako deitutako mobilizazioek Euskal Herriko 30etik gora herrietara zabaldu du hasiera batean Arrasaten 31 kilometroko Elkartasun Martxaren bidez plazaratu asmo zen aldarria. Espetxeetako legedia arrunta betetzea galdegin dute plazaz plaza herritarrek eta, horrekin batera, 31 urte preso egin dituen Unai Parot askatzeko aldarria izan da nagusi; lehen aldarria betetzeak bigarrenari bide emango bailoke legez.

Horrela, hasiera batean Arrasatera mugatu behar zuen protestak bere sona biderkatzea lortu du Euskal Herri osora zabalduz.

Bizi osorako zigorren kontra Sarek Donostian egindako elkarretaratzea. (Gorka RUBIO/FOKU)

PPk eta Voxek Elkartasun Martxa Paroti omenaldi bat zelakoan elkarretaratzeak deitu zituzten Arrasaten, eta ultrek bilatzen zuten konfrontazioari iskin egin eta presoen eskubideen aldeko aldarria fokuratu asmoz aldatu zuen formaz mobilizazioa Sarek.

Alderdi eskuindarrek, halere, haien protestak mantendu dituzte larunbatean. PPkoak, Carlos Iturgaiz buru, 1997an Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioa bahituta egon zen industria-nabearen aurrean elkartu dira 11.30ean. Beranduago, Voces Contra el Terrorismo taldeak Vox-en babesarekin, tartean Santiago Abascal eta Javier Ortega Smith zirela, elkarretaratzea egin du frankismoaren biktimen omenezko oroitarriaren parean, zeina, hain justu, «lutoz» jantzi duten herritarrek faxisten etorreraren aurrean.

7/2003 legearen kontra

Sarek probokazioetan ez erortzeko dei egin die herritarrei, eta ultrekiko distantzia hartuta, Arrasateko Monterron parkean, ehunka herritar elkartu dira "Bizi osorako zigorrik ez" idatzirik zeukan pankartaren atzean, aldi berean beste hainbat herrietan egin duten bezala.

Ehunka pertsona elkartu dira Arrasaten. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arrasateko elkarretaratzearen hasieran Nahikari Iturbe, Inaxio Oiarzabal eta Bego Atxa presoen eskubideen aldeko plataformaren bozeramaileek hartu dute hitza. «Gaur, Arrasaten eta Euskal Herriaren luze zabalean, euskal presoek bizi duten salbuespenezko espetxe politika salatu nahi dugu. 7/2003 legediaren ez-ohikotasuna salatu eta bertan behera geratzea eskatu nahi dugu, honek presoen bizi osoko zigorra ezkutatzen duelako», azpimarratu du Oiarzabalek. Gogoratu du lege honek 60 presori eragiten diela eta 40 urteko espetxe zigorrak beste hamabosti.

«7/2003 legeak, euskal presoei bereziki aplikatzeko sortuak, bizi osorako kartzela zigorrak ahalbidetzen ditu. Hala da espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzeko kondenatuta dauden 15 presoen egoera, tartean, Unai. Kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira», salatu du Nahikari Iturbek, eta gaineratu du: «Gaur, isilarazi nahi izan duten aldarri hau Euskal Herriko plaza guztietan ozen adieraziko dugu. Bizi osorako zigorrik ez!»

Ildo beretik, azken asteetan komunikabide espainiarrak bete dituzten ultraeskuindarren «gezurrak» gaitzetsi dituzte Sareko bozeramaileek: «Harriduraz bizi izan ditugu azken aste hauetan esan diren gezur guztiak. Garbi zegoelako ez zela inondik inora ezerren omenaldirik, ezta ezerri gorazarre egiteko ekitaldirik», esan du Oiarzabalek.

Baina PP, Vox, eta beste zeinbait taldek egindako propagandak «bidea ireki dio eskuin muturrari beraiek nahi zuten konfrontazio eremua sortzeko», gaitzetsi du bozeramaileak.

Inaxio Oiarzabalek nabarmendu du Sarek «elkarbizitzaren alde» lanean jarraituko duela eta ez duela «inolako konfrontaziorako aukerarik» emango.

«Ekitaldi hau probestu nahi dugu jasan dugun desprestigio kanpaina salatzeko, eta komunikabideei, agente politiko eta sindikalei deitzeko ez daitezela erori espetxe politiken eta eskubideen arloan aurrerapenik egin nahi ez duten horien jokoan», agertu du Bego Atxak.

Ertzaintzaren kargak

Goizeko 11.30ean Vox eta kidekoen etorreraren aurka elkarretaratze antifaxista egin dute hainbat lagunek "Faxismoaren aurrean antolakuntza eta borroka!" lemapean, eta eguerdi partean faxisten elkarretaratzea babesten ari ziren ertzainak haien kontra oldartu dira. Agenteen karga baten ondorioz, gainera, adineko gizon bat ospitalera eraman behar izan dute erori eta buruan zauritu delako.

Arratsaldean, manifestazioa

Arrasatera konfrontazio bila agertu diren ultrak eguerdian utzi dute herria, Ertzaintzak zaindutako autobusetan. Beranduago, tentsioa nabarmen baretu denean, hainbat herritar eta Elkartasun Martxan parte hartu behar zuten 31 herri-eragileak Sarek 19.00etan deitu duen manifestaziora batu dira, trikitixaren doinuaz girotuta eta beste behin bizi osoko espetxe zigorren kontrako aldarria aurrez faxistek okupatu duten herriaren erdigunera eramanez. Jendetza batu du mobilizazioak.