INFO
Interview
Asier Altuna
‘Hondalea’ filmaren zuzendaria

«Cristina Iglesiasen lanari modurik fidelenean jarraipena egitea izan da erronka»

‘Hondalea: abismo marino’, Asier Altunaren dokumentalak astelehen honetan ikusiko du argia. Bertan Cristina Iglesiasek Santa Klara uhartean –kritika ugari jaso ditu Donostiako Udalak sustatutako proiektuak– egin duen interbentzio artistikoaren barrunbeak erakusten ditu.

Asier Altuna zine zuzendaria. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zer moduz, gustura egindako lanarekin?

Bai, nik berez badut fikziora jotzeko joera. Kasu honetan modu fidelenean Cristina Iglesiasen lanari jarraipena egitea izan da erronka. Grabaketa 20 hilabetetakoa izan da eta intuizioari jarraiki joan ginen errodatzen. Oso polita izan da proiektua aurrera nola zihoan ikustea.

Muntaketa ez zen erraza izango.

Ez, material dezente geneukan. Oso eliptikoa da, ez da dena kontatzen, baina narrazioa behar zuen. Muntaia gelan pasa ditugu ordurik gehienak, Laurent Dufreche lagun handia dut eta berarekin batera egin dut. Zaila izan da baina gustura egin dut. Baina benetan-benetan gozatu dut soinua eta musikarekin jolasten. Egin ditudan filmetatik gehien gozatu dudana izango da arlo horretan. Berezia izan da. Pelikulak asko aberastu nau alde horretatik.

Soinu banda Aitor Etxeberriarena da.

Bai, Koldo Almandozen bitartez ezagutu genuen, ‘Hondar ahoak’ ETBko seriearen musika berak konposatu zuen. Netflixerako ekoizten ari garen ‘Intimidad’ seriean ere berarekin kontatu dugu. Bere musika estiloa oso egokia ikusten genuen ‘Hondalea’rako ere, oso sentsoriala da, naturarekin oso ondo txertatzen da bere musika eta Aitor oso ondo egokitzen da proiektu desberdinetara. Oso pozik nago, berarekin lan egitea plazera izan da.

Enkarguzko lana da, nola sortu zen proiektua?

Bai Cristina Iglesiasek bai Artingenium enpresak –proiektua artistikoaren kudeaketaz arduratu da– prozesu osoa erregistratuta egotea nahi zuten. Hasiera batean helburua ez zen dokumentala egitea. San Telmo Museoan irekita dagoen erakusketarako ikus-entzunezkoa egitea –aurreko proiektu guztietan egin du gauza bera– enkargatu zidan. 14 minutuko pieza egin genuen Cristinak eta biok elkarlanean. Ondoren, geneukan materiala ikusita erabaki genuen hala egitea. Eta Txintxua Ekoiztetxean guk geuk ekoitzi dugu filma.

Iglesiasek baldintzarik jarri zizun aurrez?

Santa Klara uhartean egindako proiektuaz izan zedila lana, muga horixe jarri zidan eta egia esan eskertzekoa da. Izan ere, sortzaileontzat mugak jartzea ona da. Munduko hainbat hiritan ari da lanean, erakargarria da bere ibildea eta pertsonaia interesgarria da dokumental zabalagoa egiteko baina ez zuen hori nahi. Ez du gustukoa kamera aurrean egoten eta onartu zuen gu grabatzen egoten eta errespetu guztiarekin saiatu ginen bere lanean trabarik ez egiten.

Hiru hanka dauzka dokumentalak: sortzailea eta bere burutazioak, kokapena eta natura eta interbentzio artistikoa, teknikoa. Hiruren artean oreka mantentzen saiatu zara?

Filma orekatua geratu da, batak bestea osatzen du. Hasieratik ikusi genuen natura zein inportantea den Cristinaren obra osoan eta zer esanik ez kasu honetan. Itsasoz inguratutako espazioan, baso ia birjina duena, eta ekaitzez jositako espazioan kokatu du. Bere intentzioa bertan dagoen errealitatetik abiatuz fikzioa sortzea da. Jolasa da, azkenean. Eta eraikuntza interesgarria da bere dimentsioagatik. Bai itsasargiaren etxean egin zuen zuloa, teknikoki suposatzen duena, baita bertaraino materiala eramatea ere eta irlan eraikuntza egitea. Hori dena esfortzu titanikoa da eta oso zinematografikoa, alde horretatik. Eibarko Alfa Arte ez nuen ezagutzen eta oso sorpresa positiboa izan da. Artelanak funditu eta eraikitzen dituen kooperatiba da eta lan horretatik hainbeste langile bizi direla ikusteak txunditu egin nau. Eskertuta nago  ezagutzeaz. Eta lotura zuzena dute naturarekin. Proiektu honetan Jaizkibelgo kobazuloetako haitzen formak eskaneatu dituzte. Dena dago erlazionatuta eta jolas politak gertatu dira.

Cristina Iglesias bisionaria bezala ikusten dut. Santa Klara irlako espazio abandonatu hartan imajinatu zuena aurrera eramateko gaitasuna izatea, interesgarria izango zela konbentzitzea jendea eta dena exekutatzea... Hori da bere lanetik gehien baloratzen dudana.

Proiektuak kritika ugari jaso ditu Donostiako Udalak bertan xahututako dirutzagatik. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia alderdiek uhartearen babeserako neurriak ere eskatu zituzten. Zein da zure iritzia? 

Cristinak bere ibilbidean erakutsi du naturarekiko duen sentsibilitatea. Proiektu honetan ezagutu dut bera eta bere lana. Santa Klarako uhartera joateak, itsasoa zeharkatzeak, eta bisita naturaz inguratuta egiteak balio erantsia dauka. Obraren garaian inguruak txikituta egon ziren –gruak, materialaren garraioa...– baina behin bukatuta kontu handia izan du lehen zegoen moduan ez bada, ia berdin uzten. Utzia zegoen espazioa berreskuratu da eta obra artistikoa dago orain bertan. Alde horretatik positiboa da. 

Nik zinema egiten dudanean ere izaten ditut nire kontraesanak. Merezi du hainbeste diru gastatzeak artea egiten? Ni aldekoa naiz. Badakit jendea gaizki pasatzen ari garen garaiotan galdera hori egiten da. Nik uste dut artea inportantea dela gizartearentzat. Eta aldi berean ofizio asko daude tartean, Alfa Arte bezalako enpresa, esaterako, horrelako proiektuak egitetik bizi da. Eta jende askok jaten du hortik. Obra publiko asko agian ez zaizkit egokiak iruditzen baina kasu honetan artelan bat eraikitzea inportantea da.