INFO

Neurriak beti birusaren atzean joan direla kritikatu dute Zubiak, Galarragak eta Basarasek

Covid-19aren pandemiak osasun sisteman izan duen eragina aztertu eta administrazioek hartutako neurriei buruz hausnartu dute gaur Felix Zubia ZIUko buruak, Miren Basaras mikrobiologoak eta Elhuyarreko Ana Galarragak EHUk antolatutako jardunaldian.

Felix Zubia, covid-19ak osasun sisteman izan duen eraginari buruz hausnartzen. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko burua eta EHUko irakasleak, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak eta Ana Galarraga Elhuyarko kideak EHUko Giza Eskubideak eta Botere Publikoak Unibertsitate Masterrak (GEBP) antolatutako jardunaldian egon dira ostegun goiz honetan, covid-19ak osasun sisteman izan duen eragina aztertzen eta administrazioek hartutako neurriei buruz hausnartzen.

Pandemiak osasun sisteman nola eragin duen azaltzen hasi da Zubia. Nabarmendu duenez, ospitaleek gainezka egin dute krisi sanitarioaren hainbat unetan, eta birritan gelditu behar izan dituzte jarduera kirurgikoak. «Ebakuntzak asko atzeratu dira, ezin izan zaio protesirik jarri pertsona askori, minbiziak ez dira garaiz detektatu, lehen mailako arreta gainezka egon da», zerrendatu du. Halaber, Zainketa Intentsiboetako Unitateen egoera nabarmendu du, non une batzuetan gaixorik zirenentzako oheak falta izan diren.

Hiru hizlariek koronabirusa geldiarazteko hartutako neurriek izan duten garrantzia azpimarratu dute. Horiek gabe ondorioak askoz ere okerragoak izango zirela esan dute, baina berandu iritsi direla eta «birusaren atzetik» ibili garela ere azpimarratu dute.

Izan ere, Basarasek esan du koronabirusaren kudeaketa txarra izan dela hasieratik, bai mundu mailan, bai Estatu mailan eta baita herri mailan ere. «2020ko urtarrilean birusa eta Txinan gertatzen ari zena ezagutu genituen, eta hala ere, martxora arte ez zuten neurririk hartu. Administrazioak oso motel ibili ziren. 2020ko martxoko konfinamendua erabaki ona izan zen, baina lehenago iritsi behar zuen».

Nazioarteko koordinazioa ere kolokan jarri du pandemiak momentu askotan. Galarragaren esanetan, subiranotasuna oso garrantzitsua da erabakiak hartzeko orduan, baina baita nazioarteko koordinazioa ere. «Gure komunitatea defendatzeko globalean pentsatu behar dugu, mundu global batean bizi garelako», ohartarazi du.

«Epe luzerako plan baten falta»

Osasun krisi osoan zehar irmotasun falta eta epe luzerako plan baten falta izan dela nabarmendu dute. «Positibotasuna handia zenean, neurriak gogortu egin ditugu, eta jaitsi ahala arindu izan ditugu. Gorabehera batean egon gara denbora guztian», esan du Basarasek abisu hau bidaltzearekin batera: «Orain ‘pospandemia’ hitza entzuten hasi da, baina birusa desagertzetik urrun dago».

«Esparru politikotik mezu positiboak eman dituzte, gizarteari gustatzen zitzaizkionak, baina errealitatearekin bat ez zetozenak. Egoerak hobera egin badu ere, arazoaren oinarriek bere horretan jarraitzen dute, eta txertoa oso garrantzitsua bada ere, ez du birusarekin amaituko», hausnartu du Galarragak.

Epe luzeko ikuspegi falta egon dela ere nabarmendu du Zubiak. «Gure burua engainatu nahi izan dugu askotan. Baina hau izurrite bat da, eta izurrite batek gutxi gora-behera 2-3 urte irauten ditu, denon laguntza behar dugu horri kontra egiteko. Agintariek argi hitz egin behar zuten. Gainera, historian izurrite bati erantzun zientifikoa eman diezaiokegun lehen aldia da», esan du.

«Inbertsio handia egin behar da diagnostikoan eta birusaren zainketa epidemiologikoan eta biologikoan. Kasu bat agertzen denean zein aldaera motatakoa den aztertu behar da, eta bere trazabilitatea ahalik eta arinen kontrolatu behar da. Indar handia egin behar da horretan, bestela posible izan daiteke birusaren edozein aldaera berri bat agertzea eta hankaz gora uztea dena», ohartarazi du Basarasek.