INFO

Atsedenik ez Zaragozaren aurkako porrota ahaztu eta Tenerifen irabazten saiatzeko

Hegazkina hartu eta Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferen kantxan ariko dira beltzezko gizonak larunbat arratsaldean. Zaragozaren aurka «jarrera falta» salatu zuen Alex Mumbru bilbotarren entrenatzaileak. Bada, atzean gogorrago jokatu ezean, Marcelinho Huertasen aurka jai izango dute.

Jeff Withey, Zaragozaren aurkako partidan uztaipeko lehian. (Monika DEL VALLE / FOKU)

«Ez gara lehiakorrak izan», horra Alex Mumbruren kexarik larriena ostegun gauean Surne Bilbao Basketek Zaragozaren aurka galdu ostean. Galtzea beti da posible, baina emandako irudiarekin ez zegoen gustora Bilbao Basketeko entrenatzailea. «Beharrezko den jarrerarik gabe; indarrik, kemenik eta ahaleginik gabe, beste zerbait gara. Ezin diegu ezaugarri horiei uko egin», kexatu zen Badalonako entrenatzailea. «Aurreneko erdian guk baino errebote bat gehiago harrapatu bazuten, bigarrenean 26-6 izan zen Zaragozaren alde. Hori ez da onargarria, erreboteak hartzea hartu nahi izatean oinarritzen baita», adierazi zuen, bere jokalariek «besoak jeitsi» izana azpimarratu ondoren.

Nahikoa eta gehiago esan zuen Alex Mumbruk Basket Zaragozaren aurkako belarrondokoari buruz; nahikoa eta gehiago, zapatu honetan Tenerifen 18.00etan Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferen kantxan jokatu behar duelako bere taldeak.

«Partida galduta zegoela ikusita, ohi baino errotazio luzeagoa egin dugu partidaren hondarrean, denboraldiko bidaiarik luzeena eta gero 48 ordu gabe beste partida bat jokatu behar dugulako. Ez dago jokoari dagokionez ezer aldatzeko astirik, baizik eta jokalariak ahal eta hobekien errekuperatu daitezela, ahalik eta partidarik onena joka dezaten larunbatean», amaitu zuen.

Lenovo Tenerifek berak ere partida izan zuen ostegun gauean, 21.30etan hasita. Unicajaren aurka 87-82 nagusitu ziren Txus Vidorretarenak, Bruno Fitipaldo antolatzaileak sarturiko 31 puntuei esker. Horrez gain, Shermadinik beste erakustaldi bat eman zuen uztaipean eta 19 puntu eta 6 errebote eskuratu zituen, Sasu Salinek 12 puntu erdietsi eta Huertasek 8 asistentzia banatzen zituen bitartean.

Izan ere, esan gabe doa bilbotarren defentsak Marcelinho Huertas itotzen asmatzen ez badu, gorriak eta beltzak ikusiko dituela talde bizkaitarrak Tenerifen. Nekeak neke eta bidaiak bidaia, ostegunean Alex Mumbruk faltan bota zuen jarrera eta ekimen hori nahitaez beharko dituzte bilbotarrek.

Hala ere, Santiago Martin pabilioia ez da txarra bizkaitarrentzat. Iaz 86-67 galdu arren, aurreko denboraldian 70-81 irabazteko kapaz izan ziren eta orotara, 16 partidatik bost irabazi ditu Bilbao Basketek. Ikusi egin behar, batetik, taldearen fisikoa partidari erantzuteko prest dagoen eta bestetik, osteguneko belarrondokoak zernolako eragina izaten duen.