INFO

Bera Berak Kanarietako bolada ona luzatu nahi du, Zuazok puntuak batzen hasi

2017tik Kanarietan ligan galdu gabeak dira Tenerifen jokatuko duten donostiarrak eta bizkaitarrek Granollersen kantxa zailean bilatuko dute lehen garaipena.

Etxetik kanpo aritu beharko dute Bera Bera eta Zuazok. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

Kanarietara bidaiatzea ohitura bilakatzen ari da Bera Berarentzat eta luzea bai, baina ezin esan bidaia txarra denik donostiarrentzat, 2017ko maiatzetik ez baitute partidarik galdu. Tenerifeko Balonmano Salud izango da larunbat honetako arerioa (21.00etan, Euskal Herriko ordutegia) eta partida honetarako Ainhoa Etxeberria izan da Imanol Alvarezek etxean utzi duen jokalaria, plantila osoa du eta jokatzeko moduan.

Lehia honen atarikoan, Ermuko entrenatzaileak nabarmendu ez dutela inolaz ere arerioaz fidatzerik. «Ez da partida erraza izango, euren akats eta arrakalak ezagutzen ditugu, baina indarguneak ere badituzte. Ez dute jokoa gehiegi lantzen eta estatikoan pase oso gutxirekin arriskua sortzen dute, beraz, garrantzitsua izango da euren erasoen hasierak ondo kontrolatzea, gure defentsa nagusitu ahal izan dadin». Gainera, donostiarren entrenatzaileak nabarmendu du Tenerifekoen defentsa oso aurrean kokatzen dela eta «orain arte defentsa mota hori ez zaigu batere ondo joan».

Aurkarien aretan, Elena Martinezek –10 gol egin zituen Lanzaroteren aurka– eta Rebeca Lopezek osatzen duten lehen lerroa nabarmendu zuen eta bere taldeari «erregularragoak eta fidagarriagoak» izateko eskatu dio. «Azken urteetan partidetako une txarrak identifikatzen arazoak izaten dituen talde bat izateak kezkatzen nau, une hauek ahalik eta motzenak izan daitezen ikasi behar dugu, egin behar dugun zerbait da. Ez ditugu beti 60 minutu bikain egingo eta ondo ez gaudenetan, jokoa berregin eta eusten jakin behar dugu».

Lehen puntuen bila Granollersera 

Bestelakoa da Zuazoren egoera, alde batetik punturik bildu ezinda jarraitzen duelako eta bestetik lesioak pilatzen jarraitzen duelako, bost jokalarik jokatu ezinda jarraitzen dute– eta honek errendimenduan eragina duelako. Larunbat honetan tradizio handiko Granollersi egingo diote bisita eta Porriñon eta Elx-en aurka egindako lana hobetu asmoz hartuko dute autobusa. Ligako talderik indartsuenetako baten aurka gauzak ondo egin zituzten lehen zatian, baina atsedenaldiaren ostean izandako minutu txarrek hankaz gora bidali zituzten euren aukerak.

Joseba Rodriguez, Haito, entrenatzaileak onartu zuenez, «atsedenaldiaren ondoren ez genion kontzentrazioari eutsi eta hori Elx bezalako aurkarien aurka garesti ordaintzen da. Giltza 60 minututan kontzentrazioari eustean egingo da, bestela aurkariek asko estutzen gaituzte. Granollersen aurka Julia Guaireiro bere erreferentzia nagusiarekin adi ibili behar dugu, nahiz eta Kaba Gassana gabe, postu horretan zerbait galdu duten. Juliak erasoaren zama eramaten du eta aldeak egiten ditu, gure misioa bera geratzea da, hegalekoak ahaztu gabe», azaldu du.

Aurkariaren inguruan gehitu du, lerro guztietan ondo orekatutako taldea dela. «Hegaletan Ana Gonzalezek eta Nicole Wigginsek kalitate handia dute. Defentsan 6-0ekoa planteatzen dute, baina sakontasunarekin eta aurreratuz, piboterik gabe ari garen honetan igarri dezakegu, nahiz eta Isi Fernandez Agusti oso lan ona egiten ari den berea ez den postu batean. Gure lana defentsan Guaireiro geratu eta kontzentrazioa mantentzea izango da, gauzak ondo eginda edonori irabazteko gai gara. Dena eman behar dugu hurrengo etxeko partidan pentsatu gabe, Granollersen zerbait positiboa atera dezakegu eta».